Ekonomia -

BPGa

EAEko ekonomia % 1,5 hazi zen 2023ko bigarren hiruhilekoan

Lanaldi osoko lanpostuak kontuan izanda, enpleguak % 0,7 egin zuen gora, urteko lehen hiruhilekoko datuekin alderatuta. Horrek esan nahi du urte arteko hazkundea % 1,5ekoa izan dela; guztira, 2022ko bigarren hiruhilekoan baino 14.270 lanpostu gehiago.

Jendea Bilboko Kale Nagusian. Argazkia: EITB Media
Jendea Bilboko Kale Nagusian
Jendea Bilboko Kale Nagusian. Argazkia: EITB Media

EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko BPGa % 0,4 hazi zen 2023ko bigarren hiruhilekoan, eta, aurreikusitakoaren arabera, urtetik urterako hazkundea % 1,5eko izango da, uztailean iragarritakoa baino hamarren bat txikiagoa.

Lanaldi osoko lanpostuak kontuan izanda, enpleguak % 0,7 egin zuen gora, urteko lehen hiruhilekoko datuekin alderatuta. Horrek esan nahi du urte arteko hazkundea % 1,5ekoa izan dela; guztira, 2022ko bigarren hiruhilekoan baino 14.270 lanpostu gehiago, Eustatek emandako datuek erakusten dutenez.

Unean uneko informazio ekonomikoa erakusten du txostenak, eta, esan bezala, uztailaren 17an Eustatek berak jasotako kontuetako emaitzak nolabait aldatzen ditu azken iragarpen honek, dela hiruhilekoen arteko alderaketan, dela urte artekoan.

Eustatek zehaztu duenez, ekonomia % 8,5 hazi da 2019tik, alegia, pandemia aurreko garaietatik.

Araban izan zuen ekonomiak hazkunde handiena (% 1,6) urteko bigarren hiruhilekoan. Gipuzkoak % 1,5eko hazkundea izan zuen, eta Bizkaiak % 1,4koa.

Eusko Jaurlaritzak gorantz berrikusiko ditu 2023ko BPGaren aurreikuspenak

Datozen egunetan Eusko Jaurlaritzak gorantz berrikusiko ditu Barne Produktu Gordinari dagozkion 2023rako aurreikuspenak, gaur, asteartearekin, bigarren hiruhilekoko datuak ezagutarazi ostean, Ekonomia eta Ogasun Saileko iturriek jakinarazi dutenez.

Aurretik ere iragarri zuen irailean aurreikuspenak berrikusiko zituztela, ekainean Pedro Azpiazuren Sailak hamarren bat igo baitzuen aurretik egindako estimazioa.

Duela egun gutxi, Azpiazuk berak esan zuen % 2 inguruko hazkundea aurreikusten zuela 2024rako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak BPGd