Ekonomia -
Estatistika datu berriak
Pandemia osteko hazkundea iragarritakoa baino handiagoa izan zen: % 6,4koa 2021ean, eta % 5,8koa, 2022an
Azken bi urteotako BPGren datuak berrikusi ditu Espainiako Estatistika Institutuak, eta kalkulu berrien arabera, 2022an gainditu zuen Espainiako ekonomiak pandemiak eragindako zuloa.
Agentziak | EITB Media
2020ko pandemiak ekonomian eragindako zartakoaren osteko hazkundea aurrez iragarritakoa baino handiagoa izan zen, INE Espainiako Estatistika Institutuak gaur jakitera eman dituen datuen arabera. Hartara, Barne Produktu Gordina (BPG) % 6,4 hazi zen 2021ean (aurrez esandakoa baino 0,9 puntu gehiago), eta % 5,8, 2022an (0,3 puntu gehiago). Kalkulu berri horien arabera, Espainiak 2022an berreskuratu zuen pandemian galdutako aberastasuna.
2020ko BPGaren datua ere berrikusi du INEk, eta aurrez jakinarazitako datua baino 0,1 puntu gutxiagokoa izan zela zehaztu. Horrenbestez, jaitsiera % 11,2koa izan zen, Espainiako ekonomiak historia modernoan izandako atzeraldi handiena, hain zuzen.
Gai Ekonomikoetarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioak ohar bidez nabarmendu duenez, "kontsumo pribatuak, atzerriko sektorearen bilakaera onak eta industriaren eta jardun profesional eta zientifikoaren portaera hobeak bultzatu dute azken bi urteotako hazkundea".
2022ko datu berrien arabera, etxeko kontsumoa handiagoa izan zen (% 3,4koa, hasieran aipatutako % 3ren ordez) eta inbertsioaren hazkundea txikiagoa (% 1,4, % 3,5ren ordez). Era berean, esportazioak hazi egin ziren (% 15,2, %14,4ren ordez).
2021ri dagokionez, etxeko kontsumoak % 7,1 egin zuen gora (% 6koa izan zela jakinarazi zuten), eta inbertsioak, % 9,4 (lehen estimazioaren arabera, % 5,9).