Ekonomia -

Enpresak

Eusko Jaurlaritzak deskarbonizazioan eta I+G+Bn sakontzeko beste laguntza-sorta bat onartu du

Klima-neutraltasuna lortzeko helburuarekin, Jaurlaritzak inbertsio berriak lagunduko ditu 10 milioi euroko programa berri baten bidez. Gainera, HAZITEK programaren bidez, 94 milioi bideratuko dira enpresetako I+Gko 750 proiekturi laguntzeko.

Artxiboko irudia.
Artxiboko irudia.
Artxiboko irudia.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 120 milioi euro baino gehiago onartu ditu gaur enpresen garapen ekonomikoari laguntzeko, hiru ikuspegirekin: industria-deskarbonizazioa; I+G+B garatzea; eta arrantza dibertsifikatzea eta modernizatzea akuikultura-proiektuetarako aukera berriekin. Enpresentzako hiru laguntza-programa dira.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak prentsaurrekoan gogorarazi duenez, 2005etik Euskal Autonomia Erkidegoko industriak % 45 murriztu du berotegi-efektuko gasen emisioa modernizazio-prozesuei esker.

Hala ere, klima-neutraltasuna lortzeko helburuarekin, Jaurlaritzak inbertsio berriak lagunduko ditu 10 milioi euroko programa berri baten bidez.

Xedea industria-enpresei eta industria-produktuarekin eta -prozesuarekin lotutako zerbitzuei laguntzea da, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea ahalbidetzen duten ekoizpen-instalazioetan, instalazio berrietan eta/edo lehendik daudenetan, inbertsioak sustatuz.

Diru-laguntzek gehienez ere 1.500.000 euroko muga izango dute enpresa eta/edo enpresa-talde bakoitzeko.

Gainera, HAZITEK programaren bidez, 94 milioi bideratuko dira enpresetako I+Gko 750 proiekturi laguntzeko. Proiektuotan 600 milioitik gorako inbertsioa egitea espero dute, eta 1.873 enpresa inplikatzen dituzte.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak beste 16,8 milioi euro onartu ditu arrantza iraunkorra sustatzeko eta Euskadiko arrantza- eta akuikultura-sektorean belaunaldien arteko erreleboa errazteko.

Laguntza-ildoak, besteak beste, honako hauetarako: arrantza-baliabideen kudeaketa iraunkorra, itsasoko eta hondartzetako hondakinen bilketa; energia-eraginkortasuna eta klima-aldaketaren arintzea, motorren ordezkapena edo modernizazioa; arrantzale gazteentzako hasierako laguntza eta prestakuntza; arrantzako eta akuikulturako berrikuntza eta ikerketa bultzatzea; eta arrantzako eta akuikulturako produktuak merkaturatzeko, eraldatzeko eta sustatzeko inbertsioak.

Azkenik, Euskadik 5,6 milioi euro bideratuko ditu landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko proiektu publikoetara, landa-inguruneko biztanleen bizi-kalitatea hobetzen, herriak berreskuratzen, enplegua sortzen eta Euskadiko landa-eremuetan turismoa bultzatzen laguntzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa 2024 Teknologia Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Arrantza Enpresaburuak Industria albisteak Larrialdi klimatikoa Dirulaguntzak gaur EAEko kutsadura gaur