Ekonomia -

ELIKAGAIEN PREZIOA

Elikagaien Bankuak "mirariak" egiten ari dira diru gutxiagorekin janari kopuru bera erosteko

Bizkaian, pertsonako esne eta olio gutxiago eman behar izan dute. Araban, "menu" bera jasotzen dute eskatzaileek oraindik, baina baliteke urte amaieran murriztea. Gipuzkoan, hobeto daude, herritarrek azaroko elikagaien eta bonuen bilketan emango duten erantzunaren zain.

Bolondresak lanean elikagaien bankuan.
Bolondresak lanean elikagaien bankuan.
Bolondresak lanean elikagaien bankuan.

A.A.E. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elikagaien prezioen igoerak guztioi eragiten digu, baina nonbaiten bereziki nabari badute: elikagaien bankuetan. Benetako mirariak egiten ari dira jasotzen dituzten dohaintzekin behar duten guztia erosteko. Oro har, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elikagaien bankuek egin dituzten kalkuluen arabera, iaz baino % 20 eta % 30 gehiago ordaintzen ari dira behar dutena erosteko.

Bizkaiko Elikagaien Bankuan, 2022ko abuztuan zutena baino 300.000 euro gutxiagoko aurrekontua dute aurten, Luis Crovettoren hitzetan. Hilabete hauetan zehar gutxiago erosi dute, baina askoz diru gehiago gastatu dute. Horrela, beharra dutenen artean ematen dituzten produktu batzuen kopurua murriztu behar izan dute. Gaur egun, litro erdi ekilore-olio eta 4 litro esne eman ditzakete pertsonako hilean, duela urtebetekoaren erdia.

Araban, egoera ez da hain larria, baina ahalegin handia egiten ari dira pertsona bakoitzari ematen dioten menua ematen jarraitzeko. Arabako Elikagaien Bankuko Daniel Muñozek aitortu duenez, egoerak berdin jarraitzen badu, baliteke "azarotik aurrera" zenbait produktu murriztu behar izatea. Hala ere, argi dute haur txikiak dituzten familiei emango zaiena ez dutela aldatuko. "Pixoihalei, haur-esneari, zerealei, potetxoei eta galletei dagokiena mugiezina da", esan du Fernandezek.

Bestalde, Gipuzkoan hobeto daude. Gipuzkoako Elikagaien Bankuko Carlos Ortegak aitortu du gastua % 28 igo dela. Hala ere, oso eskertuta daude gipuzkoarrekin; izan ere, "herritarrek gure deialdiari oso ongi erantzun zioten udaberriko azken bilketa handian, aurreko urteetan baino gehiago emanez, bai elikagaiak, bai bonuak". Beraz, aurreko urteetako kopuru bera banatzen jarraitzen dute, eta azaroan egingo duten udazkeneko bilketa handia aurrekoa bezain arrakastatsua izatea espero dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
KPI Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Supermerkatuak