Ekonomia -

ELIKAGAIEN PREZIOA

Zeintzuk dira urtebetean gehien garestitu diren 5 elikagaiak?

Oliba-olioaren prezioa guztion ahotan dago azkenaldian; izan ere, urtebetean gehien garestitu den produktua da. Azukrea dago zerrendan bigarren postuan. Ondoren datoz arroza, frutetatik eratorritako produktuak eta patatak.

Elikagaien prezioen igoera. Argazkia: EITB Media.
Elikagaien prezioen igoera. Argazkia: EITB Media.
Elikagaien prezioen igoera. Argazkia: EITB Media.

A.A.E. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azkenaldian, guztion ahotan bolo-bolo dabilen gaia da elikagaien prezioarena: "Zer garesti dagoen dena supermerkatuan!". Hala da. Elikagaien prezioek ez dute etenik, eta gora egiten jarraitzen dute: urtebetean % 10,5 igo dira, nahiz eta KPI orokorra Estatuan % 2,6an egon.

Hala ere, elikagai guztien prezioak ez dira neurri berean igo. Gehien garestitu dena oliba-olioa izan da (% 52,5). Azken 21 urteetan, urtebeteko datuak kontuan hartuta, izan duen igoerarik handiena izan da. 2021eko apirilean ekin zion gorako bideari oliba-olioaren prezioak. % 2ko igoera izan zuen orduan, urtebeteko datuei begiratuta. Urte hartako maiatzean, % 5ekoa zen igoera, eta, ordutik, hilero-hilero gora egin du, bi zifrako zenbakietan. Baina azken hilabete honetakoa aspaldiko igoerarik handiena izan da; izan ere, urtebeteko tasa % 38,8an zegoen uztailean eta % 52,5era igo da abuztuan kolpetik.

Gehien garestitu diren elikagaien zerrendan, bigarren lekuan dago azukrea (% 42,5), eta arroza (% 21,6), gozogintzako produktuak (% 18,2) eta patatak (% 18) daude ondoren. Horiek dira urtebetean gehien garestitu diren 5 elikagaiak. Zerrenda horretan, beherago daude esnea (% 15,1 igo da), txerri-haragia (% 15,6) eta behi-haragia (% 6,8). Funtsezko produktuak dira horiek familia askotan.

Prezioen igoera horren arrazoietako bat meteorologia da: beroa eta lehortea. Oro har, nekazaritzako produkzioa nabarmen jaitsi da azukre, zereal, lekale eta olioetan. Abeltzaintzan ere, animaliek beroa egiten duenean jasaten duten estresa dela eta, esne eta arrautza ekoizpena, esaterako, murriztu egiten da.

Oliba-olioaren kasuan, lursailek bi urte daramatzate ohi baino ur gutxiago jasotzen, Lantziegoko Erroiz Olioak etxeko Mikel Izagirrek Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan azaldu duenez. Iaz produkzioa % 55 murriztu zen (663.000 tona inguru bildu ziren) eta aurten antzekoa edo zertxobait txikiagoa izatea espero da.

Izagirreren arabera, beste faktore batek ere izan du eragina. Espainiak oliba-olioa esportatzen jarraitzen du, Mediterraneoko beste herrialde batzuek egiten dutenaren kontrara. Hain zuzen ere, OCUk salatu du Espainian oliba-olio birjina estraren prezioa "askoz ere garestiagoa" dela Italiakoa, Frantziakoa eta Portugalgoa baino. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari eskatu dio "berehalako ikuskapenak" egiteko, ekoizpen-katearen kontrola bermatzeko.

Gaur egun, eskaria eskaintza baino handiagoa da, eta, beraz, prezioek gorantz jarraitzen dute.

Alternatibak

Oliba-olioaren kontsumoa nabarmen jaitsi da Estatuan azken urteetan, Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera, eta, gaur egungo prezioa ikusita, oso litekeena da joera berari eustea. INEren arabera, etxebitzitza bakoitzean batez beste 22,1 litro oliba-olio kontsumitu ziren 2022an. 2007an, finantza krisia lehertu aurretik, 30,4 litro ziren.

Beste behin ere, kontsumitzaile asko hasi dira alternatibak bilatzen. Ordezko osasungarriei buruz galdetuta, Nere Sotil nutrizionistak ghee-olioa edo koko-olioa aipatu ditu. Hala ere, bere ustez, kozinatzeko modua aldatzea da gakoa; alegia, janaria egosi edo lurrunetan egitea eta olio gordin apur bat soilik erabiltzea gomendatzen du.

Zer gantz onuragarri erabil dezakegu oliba-olioaren ordez?
Zer gantz onuragarri erabil dezakegu oliba-olioaren ordez?
Zer gantz onuragarri erabil dezakegu oliba-olioaren ordez?

1:23
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa KPI Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Elikagaiak gaur albisteak Nekazaritza Abeltzaintza Erosketa saskia