Ekonomia -

GATAZKA

Lehiaren Euskal Agintaritzak espedientea ireki du eskola-garraioko 76 enpresaren aurka

2023-2024 ikasturterako Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak deitutako lizitazioetara ez aurkezteko egindako balizko akordioa da ikertzen ari dena.

Haurrak eskolara bidean. Argazkia: Efe
Haurrak eskolara bidean. Argazkia: Efe
Haurrak eskolara bidean. Argazkia: Efe

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) espedientea ireki du EAEko 76 eskola garraioko enpresaren aurka (Bizkaiko 45, Arabako 25 eta Gipuzkoako 6), 2023-2024 ikasturtean eskola publikoko ikasleei zerbitzua emateko Eusko Jaurlaritzak deitu dituen esleipenetan ez aurkezteko akordioa egin dutela pentsatzeko "zantzuak" daudelakoan.

Ostegunean agerian geratu zen Eusko Jaurlaritzaren eta eskola garraioko sektorearen arteko gatazka, ikasturtearen lehenengo egunean, ikasleak eskola eramaten zituzten 30 bat konpainiak Jaurlaritzaren aginduari muzin egin eta zerbitzurik ez ematea erabaki zutenean.

Ondorioz, atzo 7.400 ikasle inguru, landa eremukoak gehienak, eskolara joateko aukerarik gabe geratu ziren, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak jakitera eman duenez.

Horren aurrean, sailburuak adierazi zuen garraiolarien jokabidea, bereziki Bizkaian eta Araban, "susmagarria" zela, eta ziurrenik "legez kanpokoa". Horregatik, informazioa Lehiaren Euskal Agintaritzaren eta Fiskaltzaren esku utziko zuela iragarri zuen, "delitu zantzuak" atzematen zituelako.

Orain, informazioa lehen kolpean aztertuta, Lehiaren Euskal Agintaritzak zigor espedientea ireki du enpresa horien aurka, "Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak 2023-2024 ikasturtekorako antolatu dituen esleipenetan ez parte hartzeko akordioa egin dutelakoan".

Bildarratzek familientzako dirulaguntzak iragarri ditu eskola-garraioa eteteak sortutako gastuengatik

Erakundearen arabera, espediente hau irekitzeak ez du ikerketaren azken emaitza aurrez epaitzen. "Prozedura hastea eragin duten arrazoizko zantzuak eta zehazten den kalifikazioa behin-behinekoak dira" azpimarratu du, eta gehitu orain 24 hilabeteko epea hasiko dela izapidetzeko eta ebazteko.

Hurrengo astelehenari begira, Eusko Jaurlaritzak ikasleak eskolara eramateko konpromisoa hartu du, garraiolariek zerbitzua emateari uko egiten dioten arren.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza