Ekonomia -
Lan-gatazka
Erkoreka Ertzaintzako sindikatuekin bilduko da laster
Ertzaintzan ordezkaritza duten lau sindikatuetako hiruk (ErNe, Esan eta S.I.P.E.) egindako eskaerari oniritzia eman dio horrela Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuak.
eitb media
Josu Erkoreka lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailburuak ErNe, Esan eta S.I.P.E. Ertzaintzako sindikatuekin laster bilera bat egitea onartu du, lan-gatazka konpontzeko ahalegina egite aldera.
Ertzaintzan ordezkaritza duten lau sindikatuetako hiruk (ErNe, Esan eta S.I.P.E.) egindako eskaera onartu du horrela Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuak.
Hiru sindikatuek iragan abuztuan eskatu zuten Erkorekarekin biltzea, kalean "Ertzaintzaren aurkako erasoak ugaritzen" ari direla eta.
Ertzainen ordezkari horien arabera, "aginte printzipioaren galera" dago azkenaldian, eta horrek "zaildu" egin du ertzainen lana. "Segurtasun Sailak horri erantzun politiko bat" eman beharko liokeela iritzi diote.
"Era berean, Ertzaintzaren bestelako behar orokorragoak ere jorratu nahiko genituzke batzar horretan, tartean plantilla zabaltzea, agenteak trebatzea, lan egiteko materiala eta lan-baldintzak", gaineratu zuten eskaeran.
Ertzaintzaren lan baldintzak negoziatzeko eratutako mahaia, "125 Mahaia" deitutakoa, uztailaren hasieran bildu zen azkeneko aldiz, baina mahaitik altxatu eta mobilizazioekin eta protestekin jarraitzea erabaki zuten bertan sindikatuek.