Ekonomia -
AUTO ELEKTRIKOAREN EGUNA
Ibilgailu elektrikoen salmenta laukoiztu egin da EAEn eta Nafarroan
Gure inguruan, hirietan batez ere, gero eta ibilgailu elektriko gehiago ikusten ditugu. Oraindik ere, ordea, % 100 elektrikoa den autoa merkatuko bosgarren teknologia da, erregaiekin ibiltzen direnen eta hibridoen atzetik.
A.A.E. | EITB Media
Irailak 9an ospatzen da urtero Ibilgailu Elektrikoaren Munduko Eguna. Gure kaleetan gero eta auto elektriko edo hibrido entxufagarri gehiago ikusten ditugu, eta karga-puntuen kopurua ere handitzen ari da. Izan ere, gasolio eta gasolina bidez ibiltzen diren autoek epe bat dute ortzimugan: 2035ean sartuko da indarrean ibilgailu mota horiek saltzea debekatzen duen Europako Parlamentuaren lege berria, salbuespen gutxi batzuetan izan ezik.
Egoera honen aurrean, asko dira % 100 elektrikoak diren autoekiko interesa piztu zaien erosleak. Hain zuzen ere, Automozioko Ikasketen Institutuak (IDEAUTO) eta Faconauto saltokien elkarteak eskaintzen dituzten datuen arabera, azken bost urteetan laukoiztu egin da salmenta Euskadin eta Nafarroan; alegia, aurten (abuztuaren 30era arte) 2019an baino lau aldiz ibilgailu elektriko gehiago matrikulatu dira.
Salmentek gora egin duten arren, autoen merkatu orokorraren barruan auto elektrikoak hartzen duen espazioa ez da oso handia: % 6,24 da Euskadin eta % 9,81 Nafarroan (Faconautoren eta Ideautoren datuak). Gasolinaren, gasolioaren, hibridoaren eta hibrido entxufagarriaren atzetik euskal merkatuan dagoen bosgarren teknologia da. Beraz, datozen 12 urteetan datu hori nabarmen handitzea izango da erronka nagusia.
Luis Maria Vidal Bizkaiko Autonervion kontzesionarioko salmenta-arduradunaren hitzetan, erosleek auto elektrikoaren inguruan dituzten zalantza nagusiak autonomia, bateriaren iraunkortasuna eta erosketaren kostua izan ohi dira.
Hala ere, Vidalek dio ibilgailu mota horien ohiko eroslea gaiaren inguruan oso ondo informatuta eta kontzientziatuta egoten dela saltokira joan aurretik. Horietako askok maiz hartzen dute autoa, ia egunero, eta egiten dituzten distantziak ez dira oso luzeak.
Auto elektrikoa erosteak ekartzen duen kostuari dagokionez, kontuan hartu behar da erakundeek mugikortasun elektrikorako laguntza-plan bat dutela abian. Moves III Plana da, eta auto elektriko edo hibrido bat erosteko zein karga-estazio bat instalatzeko dirulaguntzak ematen dira.
Laguntza horiek Next Generation funtsetatik datoz, eta 2021etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean eskatu daitezke. Auto bat erosiz gero, partikular batek 7.000 euro arte kobratu ditzake, ibilgailuaren ezaugarrien eta erosketa-ereduaren arabera -ibilgailu zaharra txatar bihurtzea erabakitzen badugu edo ez-. ç
Auto elektriko bat erostea, gainera, errenta-aitorpenean sartu daiteke.
Norbanakoez gainera, administrazioek, autonomoek eta enpresek ere dirulaguntzak jaso ditzakete ibilgailu elektrikoak erosteagatik.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren kasuan, Eusko Jaurlaritzak Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bitartez kudeatzen du laguntzen banaketa eta webgunean informazio guztia dago, baita laguntzak eskatzeko bidea ere. Nafarroan, Gobernuak berak kudeatzen du Moves III Plana, eta webgune bat ere badu, informazio guztiarekin eta laguntzak eskatzeko leihoarekin.