Ekonomia -
Lan gatazka
Donostiako suhiltzaileek "prekarietatea" salatu eta langile eta bitarteko gehiago eskatu dituzte
Salatu dutenez, Udalak "urteak daramatza langileen eta materialaren, ibilgailuen eta azpiegituren beharrei aurre egiteko aurrekontu nahikorik bideratu gabe". Profesionalek deitoratu dutenez, "egoera horrekin jarraitzeak zerbitzuaren erabateko gainbehera" ekarriko du.
Agentziak | EITB Media
Donostiako suhiltzaileek mobilizazioak egin dituzte igande honetan Gipuzkoako hiriburuan, pairatzen duten "lan prekarietatea" salatzeko eta langile eta baliabide gehiago eskatzeko. Abuztuan iragarri zuten, zerbitzuaren eta beren egoera konpontzeko pausorik eman ezean, mobilizazioei ekingo zietela.
Salatu dutenez, Donostiako Udalak "urteak daramatza langile eta material, ibilgailu eta azpiegitura beharrei aurre egiteko aurrekontu nahikorik bideratu gabe". "Horren funtzionamendua 80ko hamarkadako erakunde baten antzekoa da eta ez da teknologiak egin duen bezala eboluzionatu", erantsi dutenez.
Horregatik, zerbitzua eguneratzeko eskatu dute, "suertatuko diren istripuei kalitatezko erantzuna" emate aldera, eta plantilla handitzeko galdegin dute, "babesten dugun eremuari erantzun egokia emateko eta langileen segurtasuna bermatzeko".
Halaber, ibilgailuen flota eguneratzeko eta ibilgailu zaharrak erretiratzeko ere eskatu dute, eta babes-ekipamendu nahikoak izatea, "gure segurtasuna bermatzeko".
"Egoera horrekin jarraitzeak zerbitzuaren erabateko gainbehera ekarriko du. Egunen batean istripu bat izango dugu edo emergentzia batera berandu iritsiko gara, eta horren erantzule zuzenak zinegotzia eta alkatea izango dira. Hiri honek ez du horrelako suhiltzaile zerbitzua merezi", azpimarratu dute.