Ekonomia -
Energia berriztagarriak
Europa mailako energia berriztagarrietan "erreferentziazko herrialde" gisa ikusten du Tapiak Euskadi
Atzo Bizkaiko kostaldean ur gaineko itsas aerosorgailua aurkeztu ondoren, Garapen Ekonomikoko sailburuak azpimarratu du aurrerapauso "oso garrantzitsua" dela trantsizio energetikorako.
Agentziak | EITB Media
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak adierazi duenez, Armintzako (Bizkaia) kostaldearen aurrean instalatutako itsas aerosorgailu flotatzailea aurrerapausoa da Euskadi Europan erreferentzia izan dadin energia berriztagarrien fabrikazioan eta hedapenean.
Sare sozialen bidez, Tapiak Saitec euskal ingeniaritza enpresa zoriondu du, 85 metroko sakoneran itsas hondoan ainguratzea lortu baitu Estatuko sare elektrikora konektatutako lehen ur gaineko aerosorgailua.
Saitec-ek beste hiru errota flotatzaile instalatzea aurreikusten du 2026rako, Gorliz parean. Errota bakoitzak 15 MWko edukiera izango luke, eta 50.000 etxe ingururako energia sortuko luke.
Demosath proiektua atzo jendaurrean aurkeztu ondoren, Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak nabarmendu du "aurrerapauso garrantzitsua" dela "trantsizio energetikorako, bai eta Euskadirentzat ere, energia berriztagarrien fabrikazioan eta hedapenean Europa mailako erreferentziazko herrialde gisa".