Ekonomia -
Gasolina eta gasolioa
Erregaien prezioak gora egin du bosgarren astez jarraian, abuztuko zubiaren atarian
Gasolina aurreko astean baino % 1,82 garestiagoa dago, litroko 1,68 euroan. Bosgarren astez jarraian, dieselak ere gora egin du (% 3,4), eta litroko 1,552 eurora iritsi da.
Agentziak | EITB Media
Erregaien batez besteko prezioak goranzko joerarekin jarraitu du aste honetan, eta bosgarren astez jarraian gora egin du. Horrela, abuztuko zubiaren atarian, gasolinak urteko preziorik garestiena du.
Zehazki, gasolina aurreko astean baino % 1,82 garestiago dago, litroko 1,68 euroan. Horrela, 2022ko azken asteko mailara itzuli da, Europar Batasuneko Petrolio Buletinaren datuen arabera.
Dieselaren batez besteko prezioak ere gora egin du bosgarren astez jarraian (% 3,4), eta litroko 1,552 eurora iritsi da.
Gorakada horiek kontuan izanda, bi erregaien prezioek gainditu egiten dituzte 2022an Ukrainako gerra hasi aurretik zituzten prezioak. Diesel litroko 1,479 euro eta gasolina litroko 1,594 euro ordaintzen ziren orduan.
Erregaien prezioaren goranzko joera hori abuztuko zubia hasi eta ordu gutxira gertatzen da; izan ere, aurreikuspenen arabera, urteko asteburu honetan ibiliko dira ibilgailu gehien Estatuko errepideetatik.
Hala ere, bi erregaiak urrun daude duela urtebete inguru izan zituzten maximoetatik, 2022ko uztailean gasolina 2,141 euroraino eta gasolioa 2,1 euroraino iritsi baitziren.
Prezio horiekin, 55 litroko depositu bat dieselarekin betetzeko 85,3 euro ordaindu behar dira egun, eta 103,9 euro (18,6 euro gehiago) ordaindu behar ziren iaz, sasoi berean, orduan indarrean zegoen litroko 20 zentimoko deskontua barne.
Gasolinaren kasuan, 55 litroko depositu bat gasolinarekin betetzeko 92,4 euro pagatu behar dira orain, 2022ko aldi berean 104,5 euro (11 euro gehiago) ordaindu behar ziren arren.