Ekonomia -
BIDE AZPIEGITURAK
Hasi dituzte GI-20ko zubibidea Loiolan eta N-1ekoa Andoainen birgaitzeko lanak
N-1 errepidean, Andoain pareko zubibidean, 300 metroko bypassa jarri dute hilabete osorako. 06:00etatik 22:00etara 3,5 tona baino gehiagoko kamioiek debekatuta dute bertatik igarotzea. Loiolako lanak egiteko, berriz, 3,5 tonatik goragoko trafiko astunarentzat bidea etengo da.
EITB MEDIA
Gipuzkoako errepide sareko bi azpiegitura garrantzitsu birgaitzeko lanak abiatu ditu Foru Aldundiak gaur, abuztuak 1: GI-20 errepidean, Donostiako Loiola auzoan, Urumea ibaiaren gainetik igarotzen den zubibidean, eta N-1ean, Andoain parean dagoen biaduktuan.
Joan den astean aurkeztu zituen lanok Maria Ubarretxena Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak, hedabideen aurrean egin zuen agerraldian. Horren hitzetan, "ziklo berri honetan, garai bateko eraikuntzak, gradualki, eraikuntza-teknologia modernoago eta seguruagoekin birgaituko ditugu". Halaber, nabarmendu zuen "erabilerak berak eta urteek berez sortutako higadurak eragindako kalteak arrisku bihurtu baino lehen" hasiko dituztela lanak.
Donostiako Loiola auzotik igarotzen den GI-20 errepidearen kasuan, zubibide osoak "beharko du zaharberritzea", baina hasierako fasean "Urumea gaineko zatia" birgaituko dute. Eskoratze-lanak egingo dituzte hor. "1972an jaso baitzen zubia eta zenbait puntutan trafikoak eta itsaso-ibaiaren erosioak hondatze handia eragin dutelako", zehaztu zuen. Lehen lan horiek 4.840.000 euroko aurrekontua dute eta sei hilabetean amaitzea aurreikusten da. Obra definitiboa, aldiz, lau urte barru hasiko dela iragarri zuen diputatuak.
Lanak egin ahal izateko, ez da beharrezkoa izango ibilgailu arinen joan-etorria etetea. Bai, ordea, 3,5 tonatik goragoko trafiko astunarentzat, garraio publikoa barne.
Andoain hegoaldeko N-1 errepidearen sarbidean dagoen zubibidean, berriz, galtzadaren plataforma altxatu egingo dute, eta oinarriak egonkortu. "Zubi hau 1976 urtekoa da eta, gainera, lurralde osoko trafiko astun eta berezi gehien jasaten duen puntuetako bat da. Hori horrela, egitura osoa saneatzea ezinbestekoa da", azaldu zuen Ubarretxenak.
Kasu horretan, lanek lau hilabete irautea aurreikusten da, eta 1.614.000 euroko aurrekontua dute. "Jarduketa honetan ere, kontu handiarekin egin beharreko lanez ari gara, katuen bidez altxatuko baita bidea eta langileak taularen azpian arituko baitira lanean. Horrenbestez, obrek dirauten bitartean arreta handiz gidatzeko eta ahal den neurrian, garraio publikoa erabiltzeko edo bide alternatiboak aukeratzeko" eskatu zien herritarrei Bide Azpiegituretako diputatuak.
Hain justu, gaur bertan 300 metroko bypassa jarri dute tarte horretan hilabete osorako. Gainera, 06:00etatik 22:00etara 3,5 tona baino gehiagoko kamioiek debekatuta izango dute bertatik igarotzea.