Ekonomia -

Turismoa

Euskadik turismo zerga bat abian jartzea berriro aztertzeko batzorde bat sortu du

Hala ere, Javier Hurtado sailburuaren ustez, "egonaldi turistikoen gaineko zerga bat ezartzeak adostasunetik abiatu beharko luke", eta sektore turistikoa eta "udalerri gehienak, oro har, aurka agertu dira".

Kontxako hondartza, jendez lepo. Argazkia: EFE
Kontxako hondartza, jendez lepo. Argazkia: EFE
Kontxako hondartza, jendez lepo. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Turismo Mahaiak lan-batzorde bat sortu du, Eusko Legebiltzarrak eskatuta, tasa turistikoa deritzona abian jartzea berriz aztertzeko; izan ere, adituen foro honek egonaldi turistikoen gaineko zerga ezartzeko orduan kontuan hartu behar diren aldagai guztiak aztertuko ditu.

Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua Turismo Mahaiko buru izan da gaur. Bertan, turismoaren sektorearekin lotutako gaiak jorratu dira, hala nola iraupen laburreko alokairuen Europako Erregelamendua, egonaldi turistikoen gaineko zerga bat aztertzeko lan-batzorde bat sortzea, Next Generation funtsak eta legediaren egoera.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Eusko Legebiltzarrean onartutako 22/2023 Mozioaren aginduari heldu zaio Mahaian. Mozio horrek Turismo Mahaiaren esparruan tasa turistikoari buruzko eztabaida, hausnarketa eta azterketa "sakona" egiteko lan-batzorde berezi bat sortzea proposatzeko eskatu zion Sailari.

"Ni oso argia izan naiz orain arte tasa turistikoari dagokionez, eta hala izaten jarraituko dut: egonaldi turistikoen gaineko zerga bat ezartzeak adostasunetik abiatu beharko luke. Eztabaida horri aurreko legealdian ere heldu genion, tokiko erakundeekin eta 2019an Turismo Mahai honetan", gogorarazi du sailburuak.

Ildo horretan, azaldu du bilera horietan turismo-sektorearen eta "udalerri gehienen" tasa turistikoaren "aurkako" jarrera agerian geratu zela.

% 14ko hazkundea

Bestalde, sailburuak turismoaren egoera aztertu du Euskadin, eta urteko lehen sei hilabeteetako datuek (ekainean kanpinek erregistratutako datuak izan ezik, oraindik ez baitaude eskuragarri) adierazten dute Euskadi % 14 inguru hazi dela 2022 urtearekin alderatuta.

Sailburuak distantzia luzeko turismoaren hazkundea nabarmendu du, "funtsezkoa baita egonaldia luzatzeko eta fluxuak mugitzeko, baita gastu handiagoa suposatu ere".

"Nazioarteko turismoaren hazkundea % 19tik gorakoa da, eta Estatuko turismoarena, berriz, % 5ekoa. Maiatzean eta ekainean Estatukoak baino nazioarteko turista gehiago jaso ditugu", azpimarratu du.

Mahaian iraupen laburreko alokairuei buruzko Europar Batasunaren Erregelamenduari ere heldu zaio, eta aurtengo urrian amaituko ditu tramiteak Europako Parlamentuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Turismoa Euskadi Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zerga politika