Ekonomia -
Europako Banku Zentrala
EBZk beste puntu laurden igo ditu interes tasak, %4,25eraino
Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidenteak mahai gainean jarri du lehen aldiz erakundeak tasak ez igotzeko aukera hilabete horretan egingo duen bileran, baina azpimarratu du Gobernu Kontseiluak datuen arabera hartuko duela azken erabakia.
EITB Media
Europako Banku Zentralak (EBZ) interes tasak puntu laurden igo ditu gaur. Zalantza da iralean zer gertatuko den. Joan den hilean puntu laurden igo zituen tasak, % 4ra arte (2008tik ez da maila horretara iritsi).
Europako Banku Zentraleko Gobernu Kontseilua gaur bildu da Euroguneko interes-tasei buruz erabakitzeko, inflazioak atzera egiten duen eta hazkunde ekonomikoa ahultzen ari den unean, batez ere Alemanian.
Hori dela eta, EBZko zenbait kidek, baita moneta politika murriztailearen aldekoek ere, berriki esan dute ez dela ziurra irailean diruaren prezioa berriro igoko dutenik eta erabakia datu ekonomikoen araberakoa izango dela.
Ildo horretan, Christine Lagarde EBZko presidenteak mahai gainean jarri du lehen aldiz erakundeak tasak ez igotzeko aukera hilabete horretan egingo duen bileran, baina azpimarratu du Gobernu Kontseiluak datuen arabera hartuko duela azken erabakia.
"Irailean eta ondorengo bileretan erabakiak hartzeko eskuak libre ditugu, beraz, tasek gora egin dezakete, edo eutsi geniezaioke, baina irailean erabakitzen dena ez da behin betikoa. Baliteke bilera batetik bestera aldatzea", adierazi du frantziarrak EBZko Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan.
Europako Banku Zentraleko presidenteak gogorarazi duenez, iraileko bileran Gobernu Kontseiluak informazio gehiago izango du diru-politikaren transmisioa nola ari den gertatzen, baita inflazioaren bilakaeraren irakurketa berriak ere. Datuetan oinarrituta, "zehaztuko du igo ala ez". "Ziur esan dezaket ez ditugula jaitsiko", esan du Lagardek txantxetan.
Euroguneko urte arteko inflazio tasa orokorra sei hamarren jaitsi zen ekainean, % 5,5era, aurreko hilaren aldean (maiatzeko % 6,1).
Azpiko inflazio tasa, energia eta elikagaiak deskontatzen dituena aldakorragoak direnez, % 5,5era igo zen ekainean, maiatzeko % 5,3tik.
Gainera, lan merkatuko tentsioak jarraitzen du, eta lan kostuak altuak dira. Horrek kezka sortzen dio EBZri, soldaten igoerak inflazio-presio berriak eragin baititzake.
Bestalde, Ameriketako Estatu Batuetako Erreserba Federalak (Fed) interes tasak puntu laurden igo zituen atzo, % 5,25etik % 5,5era bitarteko tarteraino, 2007ko maila gaindituta. Beraz, ekaineko etenaldiaren ondoren interes tasen igoerari berriro ekin zion.