Ekonomia -
Europar Batasuna
Industria ministroak Bilbon bildu dira, EBk produktu estrategikoetan duen mendekotasuna murrizteko bidean
Europako Batzordeak 5.000 produktu "kritiko" ditu identifikatuta, erdieroaleak eta osasun arlokoak, tartean. Horiek Europar Batasunean ekoizten saiatuko da.
Agentziak | EITB Media
Europar Batasuneko ministroek, Kontsumoari eta Industriari eta Barne Merkatuari buruzko Bilboko bilera informalean, aurrera egin dute EBk produktu estrategikoetan duen mendekotasuna murrizteko estrategia propio baten diseinuan.
Didier Reynders Justizia komisarioak ziurtatu duenez, Batzordeak 5.000 produktu "kritikoz" osatutako zerrenda bat egin du: erdieroaleak, hidrogenoa, lehengaiak, Interneterako produktuak, armamentua, osasun-ondasunak... EB produktu horietako askoren kanpoko ekoizpenaren mende dago —batez ere, Txinan ekoizten dira.
EBk "balio-kate erresiliente" bat sortzea eta autonomia handitzea ahalbidetuko duten politikak diseinatu nahi ditu. Reyndersek azaldu du horretarako esparru arautzaile egonkor bat garatu behar dela, teknologia estrategikoen sektore horietan inbertsio publikoa erraztu behar dela eta inbertitzaile pribatuentzako "arriskua" murriztu behar dela.
Gainera, komisarioak esan du bigarren erronka nagusia ekoizpen industrialean "0 emisio" maila lortzea dela, eta seihileko honetan horretarako lege bat onartzea espero duela.
Hector Gomez Espainiako Gobernuko Industria ministroak esan duenez, Bilboko bilera informalean —Espainiaren EBko presidentetzaren testuinguruan—, "ekarpen oso positiboak" egin dira, urrian Granadako goi-bilera informalean eztabaidatuko den "ibilbide-orri argia" ezartzeko.
Bilera astelehenean hasi zen Kontsumo ministroen topaketarekin, 2020-2025 Kontsumitzaileen Agendaren balantzean eta kontsumo iraunkorrean oinarrituta.