Ekonomia -

Lan-istripua

33 urteko behargin bat hil da Gasteizko enpresa batean, makina batek harrapatuta

Ezbeharra 12:00ak aldera gertatu da Talleres Aratz enpresan, Barratxi kalean, Betoñuko industrialdean. Bertaratutako larrialdi zerbitzuek ezin izan dute ezer egin gaztearen bizia salbatzeko, eta bertan hil da.

33 urteko langile bat hil da Gasteizko enpresa batean, makina batek harrapatuta. Irudia: EITB
33 urteko langile bat hil da Gasteizko enpresa batean, makina batek harrapatuta. Irudia: EITB
33 urteko langile bat hil da Gasteizko enpresa batean, makina batek harrapatuta. Irudia: EITB

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

33 urteko langile bat hil da gaur Gasteizko Talleres Aratz enpresan, makina batek harrapatuta.

Segurtasun Sailak azaldu duenez, ezbeharra 12:00ak aldera gertatu da, Barratxi kalean, Betoñuko industrialdean.

Bertaratutako larrialdi zerbitzuek ezin izan dute ezer egin gaztearen bizia salbatzeko, eta bertan hil da.

LABek ohar baten bidez adierazi duenez, langilea "enpresak makinei buruzko araudia ez betetzeagatik" hil da.

ELAk, bere aldetik, salatu duenez, "Euskal Herriko industrian makineria gehienak ez du segurtasun-araudia betetzen, eta beharginak arrisku horien eraginpean egotea ohikoa da". Azaldu duenez, hori gertatzeko arrazoia "patronala inork ez kontrolatzea" da.

Sindikatuak jakinarazi duenez, gaurkoa "aurten Euskal Herrian izan den 32. lan-istripua" da.

Bestalde, LAB sindikatuak Construcciones Moyua enpresako langile baten heriotza salatu du gaur. Joan den astelehenean hil zen, Arrasaten (Gipuzkoa), lanean ari zela gertatutako "istripu ez traumatiko" baten ondorioz.

LABek ohar batean azaldu duenez, biktimak bihotzekoa izan zuen eraikuntza-lanetan ari zela, eta, "ondoezik" sentitu ondoren, ospitale batera eraman zuten, eta bertan hil zen.

Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, hurrengo egunean beste lan-istripu "larri" bat gertatu zen JMA enpresan, eta "makina batek langile bat harrapatu eta zauri larriak eragin zizkion gorputzeko hainbat ataletan, batez ere aurpegian". Ondoren, helikopteroz eraman behar izan zuten ospitalera.

Gainera, LAB, ESK, STEEILAS, CGT-LKN, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur Nafarroako Gobernuko Garraio Zuzendaritzaren aurrean, garraio sektoreko "lan baldintza kaskarrak" salatzeko eta, era berean, joan den asteartean hildako garraiolaria omentzeko.

Astearte arratsaldean Nafarroako errepideetan hildakoak 56 urte zituen, eta, horren harira, sektorea "zahartzen" ari dela eta "erreleborik ez" duela salatu du Jon Altuna HIRU sindikatuko bozeramaileak. "Gazteak ez dira garraioaren sektorean sartzen, lan-baldintzak ez direlako batere onak", kritikatu du.

Joan den asteartean Murillo el Cuenden hil zenarekin, Altunak salatu du dagoeneko zazpigarren istripu hilgarria izan dela aurten Nafarroako eta Euskadiko errepideetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Araba ELA LAB Lana Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Euskal sindikatuak Enpresaburuak