Ekonomia -

Inflazioa

Uztailak 21, EBZ interes tasak igotzen hasi zenetik urtebete

Urtebete igaro da Lagardek gidatzen duen erakundeak aurreko 11 urteetan hartu ez zuen erabakia hartu zuenetik: interes tasak igotzea inflazioari aurre egiteko. Iazko uztailean inflazioa %10etik gora zegoen. Ordutik hona, ondorioak askotarikoak izan dira, eta eragin handikoak.

Interes tasen bilakaera. Grafikoa: EITB MEDIA
Interes tasen bilakaera
Interes tasen bilakaera. Grafikoa: EITB MEDIA

Iker Gonzalez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur urtebete da Europako Banku Zentralak erabaki garrantzitsu eta guztiz ezohikoa hartu zuenetik: interes tasak igotzea inflazioari aurre egiteko. Lehen aldia zen 11 urteren ostean, eta Ukrainako gerrak eragindako inflazioa baretzea zuen helburu. Puntu erdiko igoera "apal" batekin hasi zuen bide hori, % 4n kokatu da jada igoera, EBZren zortzi bileren ostean, horietan guztietan, diruaren prezioa igotzea erabaki baitu. 

EBZren helburu nagusia inflazioari % 2tik behera eustea da, eta iazko uztailean % 10,8an zegoen Espainian, eta % 8,9an Europan. Egoera horren aurrean, eta kontuan hartuta Erreserba Federalak eta Ingalaterrako Bankuak inflazioaren aurkako lehen urratsak emanda zituztela, Christine Lagardek gidatzen duen erakundeak prezioaren igoerari ekitea erabaki zuen. 

Igoeraren ondorioak sakonak izan dira, hiritarren erosahalmenari begiratuta bereziki; izan ere, ekaina bukaeran eitb.eus-en argitaratu genuen moduan, Euriborrak % 4ko langa gainditu du 2008ko udazkenetik lehen aldiz, eta, ondorioz, erdi mailako hipoteka bat duela bi urte baino 340 € garestiagoa da hilean. 

Gaur, aurrekoarekin lotuta, INEk maiatzeko hipoteka berrien datua eman du: % 24 egin du behera hipoteka berrien kopuruak, azken bi urte eta erdian izandako jaitsierarik handiena. Maiatzeko beherakadarekin, hipoteka berrien kopuruak lau hilabetez egin du behera jarraian. 

Finantzaketa, hortaz, askoz garestiagoa da etxebizitza erosi nahi dutenentzat, baita dagoeneko ordaintzen ari direnentzat ere. Baina ez hori bakarrik, enpresentzat ere bada garestiagoa, baita maileguen, kredituen, bermeen eta bonoen kasuan ere.

Cepyme Enpresa Txiki eta Ertainen Konfederazio Espainiarrak gaur bertan ohartarazi du enpresen zifrek "desazelerazio kezkagarria" erakusten dutela, eta egoerak okerrera egiten jarraituko duela datozen hilabeteotan, EBZaren politikaren ondorioz. 

Horrez gain, gastuan ere eragina izan du interes tasen igoerak, aurten % 2,1 haztea aurreikusi baitute, iaz % 4,4 hazi bazen ere, hori guztia KPIaren eta interes tasen igoeraren ondorioz, CaixaBank Researchen arabera. 

Izan ere, ekonomialari eta Deusto Bussiness Schooleko irakasle den Massimo Cermellik EITB Mediari egindako adierazpenetan esan duenez, etxeetako erosahalmena % 15-20 inguru jaitsi da azken urtean, interes tasen igoeraren ondorioz, eta horrek eragin zuzena dauka kontsumorako bideratzen den gastuan.

Cermelli: ''Etxeetako erosahalmena % 15-20 inguru jaitsi da azken urtean''
Cermelli: ''Etxeetako erosahalmena % 15-20 inguru jaitsi da azken urtean''
Cermelli: ''Etxeetako erosahalmena % 15-20 inguru jaitsi da azken urtean''

EBZren hurrengo bilera uztailaren 27an izango da, eta aurreikusi dutenez, diruaren prezioa igotzen jarraitzea espero da. Lagardek ekainaren 15eko bileraren ostean adierazi zuenez, "litekeena da" erakundeak interes tasak berriro igotzea. "Bidaia bukatu al da? Ez. Oraindik ez gara heldu gure helmugara".

Adituen arabera, joera aldaketa udazkenean etor liteke (EBZk ez ditu bilera gehiago egingo irailaren 14ra arte), kontuan hartuta aurretik egindako igoera guztiak, eta Europan inflazioa baretzen hasia dela. Edonola ere, EBZean puri purian dagoen eztabaida da, ikusteko dago hurrengo astean Lagardek itxaropen argirik emango ote duen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hipotekak KPI Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Europako Banku Zentrala