Ekonomia -
Langabezia
Langabezia-tasa %7,4ra arte jaitsi da bigarren hiruhilekoan EAEn
14.500 pertsona gutxiago daude langabezian. Landunak, berriz, 10.800 gehiago dira eta okupazio tasa %70,1era igo da. Sektore ia guztietan egin du gora, industrian izan ezik.
EITB Media
Langabezia tasak behera egin du Euskal Autonomia Erkidegoan 2023ko bigarren hiruhilekoan eta % 7,4an geratu da Eustatek, Euskal Estadistika Institutuak, gaur argitaratutako datuen arabera. Zehaztasunetara joaz, aurtengo lehen hiruhilekoarekin alderatuta, % 1,3 egin du behera eta, iazko garai berean baino % 1,1 txikiagoa da; iaz % 8,5ean baitzegoen.
Langabezian dauden pertsonen zenbakia ateratzeko kontuan hartzen dira enplegua bilatzen ari diren, bilaketarako kudeaketa aktiboak egiten dituzten eta, gainera, lan egiteko prest dauden pertsonak. Kasu honetan, bigarren lauhilekoan 77.600 pertsona dira lagabezian daudenak, aurrekoan baino 14.500 gutxiago. Emakume langabeen kolektiboa 38.400 pertsonakoa da; 8.600 gutxiago. Gizon langabeen kopurua ere jaitsi egin da, eta 5.900 gutxiago dira, eta guztira 39.200 dira hiruhilekoan.
Eustatek argitaratu dituen datuek diote, gainera, ekaina amaieran lehen hiruhilekoan baino 10.800 landun gehiago zeudela, orotara, 971.600 lagun.
Datuei lurralde historikoen arabera begiratuta, eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Bizkaian eta Gipuzkoan okupazioak gora egin du eta 8.900 eta 2.200 landun gehiago daude, hurrenez hurren. Araban kontrakoa da datua, 300 landun gutxiago zenbatu dira. Orokorrean, okupazioaren gorakadarik handiena emakumeen artean izan da (+7.600); gizonen kasuan, 3.200 landun gehiago daude.
16 eta 64 urte bitarteko biztanleria osoarekin alderatuta, adin tarte horretan dauden eta lana daukaten pertsonen ehunekoa izaten da okupazio tasa. Hiruhileko honetan ehuneko puntu bat igo da datua, aurreko hiruhilekoaren alderatuta, eta % 70,1ekoa da.
Industriak landunak galdu ditu
Okupazioak gora egin du sektore guztietan, industrian izan ezik. Azken honetan 800 landun gutxiago zeuden ekaina amaieran (- % 0,4). Zerbitzuen sektorean 8.600 landun gehiago dira (+ % 1,2), eraikuntzan 2.500 gehiago (+ % 4,6) eta lehen sektorean 500 gehiago (+ % 6,1).
Soldatapeko pertsonen kontratazio-modalitateari dagokionez, kontratu mugagabeak dituzten pertsonen kopuruak gora egin du. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta 11.100 gehiago dira eta aurreko urtearekin alderatuta, berriz, 51.400 gehiago.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailburu Pedro Aizpuruk azpimarratu nahi izan du langabezia tasa pandemiaren aurretik zegoena baino % 2,5 baxuagoa izan dela oraingoan. Bere iritzian, lan merkatuak "indartsu eusten dio eta erresilientzia maila oso altua" du. EAEko ekonomia ere "indartsu" dagoela adierazi du.