Ekonomia -
Drogak antzematea
Arabako laborategi batek edarietan sumisio drogak antzematen dituen testak merkaturatuko ditu
Alba Biotech enpresak urte amaierarako salgai jarri nahi du EHUrekin batera garatu duen produktu berritzaile hau.
Agentziak | EITB Media
Edarietan egon daitezkeen sumisio-drogak antzematen dituen lehendabiziko test erreaktiboa aurkeztu du gaur Arabako Alba Biotech laborategiak Gasteizen. Enpresak urte bukaerarako jarri nahi du salgai Euskal Herriko Unibertsitareakin batera garatu duen produktu berritzaile hau.
Zerrenda edo test hauen izen komertziala Test4Safe izango dela jakinarazi du Ane Fernandez de Arbina laborategiko buruak. Munduan erabat berritzailea den teknologia bat erabiliz sortu dituzte. Espainiako patentea dagoeneko lortu dute eta Europan izapideak martxan dituzte.
Produktua oso modu errazean erabil daiteke. Edarian sartu ondoren, kolorez aldatzen da: arrosa jartzen da drogarik ez badago eta urdin kolorea hartzen du drogaren bat hautematen duenean. Tamaina txikikoa da; poltsikoan, diru-zorroan edota mugikorraren zorroan eramateko modukoa.
Sumisio kimikoa eragiteko gaur egun gehien erabiltzen diren lau drogetatik bi antzematen ditu produktu honek: ketamina eta diazepana. Horrez gainera, burundanga aurkitzeko teknologia amaitzen ari direla jakinarazi du laborategiak. Halere oraindik ez da gai sumisiorako laugarren droga erabiliena, estasi likidoa, hautemateko.
Fernandez de Arbinaren hitzetan, fidagarritasun handiko produktua da. Edari eta droga kantitate ezberdin ugari erabiliz egin dituzte probak eta guztietan emaitza zuzenak jaso dituztela jakinarazi du.
Laborategiak prebentziorako produktu gisa aurkeztu du Tes4Safe eta ez duela alarmarik sortu nahi esan du. Sortzaileen ideia ez da etengabe droga dagoen ala ez begiratzen ibili behar izatea, zalantzak dauden egoeretan erantzuna bilatzea bazik. Droga hauek ez dute usainik eta kolorerik izaten eta zaporea antzematea ere ia ezinezkoa da. Ondorioz, biktimak oharkabean har ditzake edarira botatzen badizkiote.
Produktu berri hau farmazietan egongo da salgai. Hala ere, laborategia beste banaketa bide batzuk aurkitzeko lanean ari da; ostalaritzarekin, udaletxeekin eta ekitaldi handiak antolatzen dituzten enpresekin lan egin nahi du.