Ekonomia -
Soldatak eta erosahalmena
EAEko batez besteko soldata maximo historikora iritsi da, baina erosahalmena galdu dute herritarrek
The Adecco Group Institute erakundeak EAEko soldaten erradiografia kaleratu du. 2022ko soldatek eta herritarren erosteko ahalmenak izan dituzten aldaketak aztertu ditu, sektoreka sailkatuta eta aurreko urteekin aldertuta.
EITB Media
The Adecco Group Institute EAEko soldatei buruzko azterketa egin du, eta gaur zabaldu ditu ondorio nagusiak. 2022an, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren batez besteko soldata hilean 2.099 eurokoa izan zen, hau da, aurreko urtean baino % 2,4 handiagoa. Kopuru horrek maximo historikoaren marka hautsi du, eta bigarren postuan kokatu da Euskadi, Espainiako Estatuko gainerako autonomia erkidegoekin alderatuz.
1.822 eurokoa da Estatuko batez besteko hileroko lansaria, EAEko baino % 15,2 txikiagoa. Modu horretan, Euskadiko soldatapeko batek 10 hilabete pasatxo lan egin behar du Espainiako batez besteko langile batek 12 hilabetean lortzen duen dirua lortzeko.
Sektore ekonomikoei dagokienez, industriak eskaintzen ditu, oraindik ere, ordainsari handienak Euskadin, hileko 2.596 eurorekin; batez besteko soldatarekin alderatuta, hilean 397 euro gehiago, eta urtean, 4.765 euro.
Bigarren lekuan eraikuntzaren sektorea dago, hilean 2.121 euroko lansariarekin. Alor horretako soldta ere, Euskadiko batez bestekoaren gainetik dago.
Azkenik, zerbitzuen sektoreak 1.990 euroko batez besteko ordainsaria lortu du, EAEko batez besteko soldataren azpitik dagoen sektore bakarra da.