Ekonomia -

Merkataritza

Apple eta Amazon enpresek 194 milioiko isuna jaso dute bigarrenaren Espainiako webgunean lehia mugatzeagatik

Dagoeneko Applek eta Amazonek iragarri dute helegitea jarriko dutela Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeak historian ezarri duen bigarren isunik handienaren aurka.

Amazon konpainiaren egoitza bat. Artxiboko argazkia: EFE
Amazon konpainiaren egoitza bat. Artxiboko argazkia: EFE
Amazon konpainiaren egoitza bat. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeak 194,15 milioi euroko isuna jarri die Amazon eta Apple konpainietako hainbat sozietateri, Espainiako Amazonen online edo 'market place' merkatuko lehiaren murrizketa jakin batzuk hitzartu eta aurrera eramateagatik, Apple produktuen hirugarren saltzaileei eta sagarraren sinaduraren lehiakideei kalte egiten dietenak.

Konkretuki, Appleren sozietateei 143,64 milioi euroko isuna jarri diete, eta Amazonen sozietateei, berriz, 50,51 milioi eurokoa.

Batzordeak jakitera eman duenez, bi enpresek klausula batzuk sartu zituzten Appleren banatzaile gisa Amazonen baldintzak arautzen dituzten kontratuetan, Apple produktuen eta beste marka batzuen salmentan eragina izan zutenak Espainiako Amazonen webgunean.

Alde batetik, Espainiako Amazonen webgunean Apple produktuen saltzaileen kopurua "arrazoirik gabe" murriztu zuten, eta, bestetik, Espainiako Amazonen webgunean Appleren produktu lehiakideak iragartzeko publizitate-espazioak mugatu zituzten, Batzordeak zehaztu duenez.

Azkenik, Amazonek Appleren produktuen bezeroei Espainiako webgunean marketin-kanpainak zuzentzeko aukera mugatu zuten, beste marka batzuen produktu lehiakideak eskaintzeko.

Hau da Batzordeak bere historian ezarri duen bigarren isunik handiena, Espainiako sei eraikuntza-enpresa nagusiei aplikatutako 203,6 milioi euroko isunak soilik gainditzen duena, azpiegiturak eraikitzeko lizitazioetan lehia-prozesua 25 urtez baino gehiagoz menperatzeagatik.

Ebazpen horren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Auzitegi Nazionalean, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Batzordeak azaldutakoaren arabera. Bi konpainietako iturriek berehala adierazi dute erakundeak jarritako isunari helegitea jartzeko asmoa dutela, ez baitaude ados isunarekin.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Apple Teknologia Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Merkataritza Internet Amazon Isunak Euskadin