Ekonomia -

Osakidetza

Amaitu da Osakidetzako garbiketa zerbitzuaren gatazka, sindikatuek eta enpresek akordioa sinatuta

ELA ez beste sindikatuek eta enpresa adjudikaziodunek larunbatean erdietsi zuten behin betiko akordioa. Horren arabera, azken hiru urteetako (2021-2013) ibilbide profesionala ordainduko diete langileei. Hau zen, hain justu, beharginen aldarrikapen nagusietako bat.

Langileak akordioa ospatzen. Argazkia: @CCOOHabitat_EU
Langileak akordioa ospatzen.
Osakidetzari zerbitzua ematen dien garbiketa enpresek eta sindikatuek akordioa sinatu dute

0:23

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuak, alde batetik, eta Osakidetzan garbiketa zerbitzua eskaintzen duten azpikontratatutako enpresak, bestetik. Biek ala biek sinatu dute gaur sektorearen lan hitzarmen berria, eta, horrenbestez, amaitu egin da azken hilabeteotan Euskal Osasun Zerbitzuan izandako lan gatazketako bat. 

Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan izan da sinadura ekitaldia. Behin betiko akordioa larunbatean itxi zuten bi aldeek, Osakidetzak oniritzia eman ostean —sindikatuek eta patronalak adostutako neurrien gainkostu ekonomikoa ordainduko du—. Langileek, emakumezkoak ia denak, azken elkarretaratzea egin dute Kale Nagusiaren 85.ean.

Bost urteko negoziazio luze bezain gatazkatsuak geratu dira atzean. Azken txanpan, Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Saila aritu da bitartekari. Adostutakoaren arabera, langileek azken hiru urteotako (2021, 2022 eta 2023) ibilbide profesionalaren ordaina jasoko dute, eta aurreko hiruren konpentsazio partziala. Gainera, lanpostu hutsak betetzeko eta errelebo kontratuak egiteko konpromisoa dakar. Langileek ia 100 greba egun egin dituzte aldarrikapenok eginez. 

Bilera egin den Eusko Jaurlaritzaren egoitzako atarian, borrokan aritu diren "emakumeen jarrera eredugarria" goraipatu nahi izan dute akordioa sinatu duten sindikatuek. Lortutakoa "emakume hauen borrokagatik" izan dela azpimarratu dute eta "iraganeko zein etorkizuneko ibilbide profesionalaren ordaina jasotzea lortu" dutela azpimarratu dute.

LAB sindikatuak kaleratutako oharrean, langile hauek "zerbitzu bera ematen duten langile publikoen baldintza eta soldata berdinak" izango dituztela baieztatu du.

ELA akordiotik kanpo geratu da. Horren ustez, Osakidetzaren eta enpresen "murrizketak" onartu dituzte gainerako sindikatuek, akordiotik kanpo utzita oraindik ordaindu gabe dauden beste hiru urteak (2012, 2019 eta 2020), eta "ibilbidearen etorkizuna Osakidetzako langileentzako hurrengo deialdiekin" lotuta. Sindikatu abertzaleak uste du gainerakoek jarrera "inkoherentea" izan dutela, "Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileentzako baldintza okerragoak betikotuta".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Eusko Jaurlaritza Eusko Langileen Alkartasuna LAB Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Sindikatuak CCOO UGT Lan gatazkak ESK