Ekonomia -
Lan gatazka
Ertzaintzaren sindikatuak negoziazio mahaitik altxatu dira berriro: "Protestei eutsiko diegu"
Bi orduko bilera izan bada ere, aurreko batzarraren emaitza bera izan du. "Negoziazioa ez da hasi ere egin, eta ez dago abiatzeko borondaterik ere", salatu dute sindikatuek. Jaurlaritzak, bien bitartean, elkarrizketarako asmoa berretsi du.
Agentziak | EITB Media
Ertzaintzaren lan baldintzak negoziatzeko eratutako mahaia, "125 Mahaia" deitutakoa, bilduta egon da bi ordu baino gehiagoz. Aurreko hitzorduan ez bezala (ordu erdiz egon ziren bilduta), luzaro egon dira mahaiaren bueltan EAEko polizia autonomikoan ordezkaritza duten sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko arduradunak.
"Mobilizazioekin eta protestekin jarraituko dugu, eta hori ez dugu nahi", adierazi dio EFE agentziari Iñaki Uraga Ertzaintzako unitate sindikaleko bozeramaileak. Azaldu duenez, sindikatuei "beste aukerarik ez zaie geratu" berriro mahaitik altxatzea baino, "erantzukizunik ez dutelako" eta Segurtasun Sailak beren aldarrikapenak jorratzeko prest ez daudelako. Negoziazioa "ez da hasi eta ez dago hasteko prest", salatu duenez.
Uragaren arabera, Sailak soldata-hobekuntzen eta lan-baldintzen proposamena negoziatzeari uko egin diolako utzi du bilera, sindikatuek hala eskatuta.
Horrela, ekainaren 23ko sindikatuen eta Sailaren arteko bileraren amaiera berdina errepikatu da, baina orduko hartan sindikatuetako ordezkariek minutu batzuk baino ez zituzten behar izan altxatu eta negoziazio-mahaia uzteko, ez baitzuten berritasunik ikusi Sailak lan-baldintzak hobetzeko planteatutako proposamenetan.
Zupiria: "Gobernuak elkarrizketaren eta negoziazioaren aldeko apustua egin du"
Josu Erkorekak zuzentzen duen Sailak sindikatuak deitu zituen, hasiera batean, Lanpostuen Zerrendaren aldaketari buruz hitz egiteko, indarkeria matxistaren espedienteez arduratzen den plantilla handitzeko, baina ez dute puntu hori eztabaidatu.
Bilera bukatu eta gutxira prentsa aurrera, gobernu bileraren osteko agerraldira, agertu da Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Aitortu duenez, ez zekien batzarra amaituta zegoenik, baina nabarmendu du iraupena ikusita pentsatzekoa dela "elkarrizketarako aukera" izan dela oraingo honetan. "'Ertzainen lan-baldintzak eguneratzeko gure apustua elkarrizketarena eta negoziaketarena da'', esan du.
Mariatxiak Sabin Etxearen atarian
Azkenaldian ez da giro bi aldeen artean, eta harremanak gaiztotuta daude. Ertzainak gatazkan mugimendu asindikalak piztu zuen liskarraren metxa, hainbat protesta jendetsu eginda, eta hasiera batean, Ertzaintzaren sindikatuek bat egin ez bazuten ere, azken bilkurak elkarrekin deitu dituzte.
Bileraren atarian, Iñaki Andonegi ErNE sindikatuko kideak esan du ez dutela "esperantzarik" gaurkoan akordioa lortzeko. "Segurtasun Sailak erakutsi du ez duela borondaterik duela 10 urte sinatutako akordio hori berritzeko", azpimarratu du.
Atzo bertan protesta egin zuten ErNEk, ESANek eta SiPEk Sabin Etxean (EAJren Bilboko egoitza). Mariatxiak lagun, hainbat kantu mexikarren letrak moldatu zituzten EAJri gatazkan esku hartzeko eskatuz.
Elkarretaratze horren kontura, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak mezua kaleratu zuen atzo sare sozialetan. "Xelebrekeriatzat" jo zuen protesta, eta "jokaera sindikal estremista" kritikatu. Horren ustez, "EAJ arerio nagusitzat jotzen dute eta txarrena opa diote. Guretzat Ertzaintzako sindikatuak ez dira gure arerioak, ezta gure aurkariak ere. Guztiz alderantziz, EAJ beti izan da Ertzaintzaren eta ertzainen defentsaren lehen lerroan".