Ekonomia -
AUTO ELEKTRIKOA
Energiaren Euskal Erakundeak 8,8 milioi euro gehiago bideratu ditu ibilgailu elektrikoak erosteko laguntzetara
Guztira, ibilgailu elektrikoak eta horiek kargatzeko guneak erosteko bideratutako zenbatekoa 41,7 milioi eurokoa da. Aldaketak uztailaren 10ean jarriko dira indarrean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzaren menpeko Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) 8,8 milioi euro gehiado bideratu ditu ibilgailu elektrikoak eta horiek kargatzeko guneak erosteko. Laguntzak uztailaren 10etik aurrera eskatu ahalko dira.
Energiaren Euskal Erakundeak gaur goizean azaldu duenez, mugikortasun elektrikoari lotutako pizgarrien programara (MOVES III) bideratutako zenbatekoa 41,7 milioi eurokoa da.
41,7 milioi horietatik 22,5 ibilgailu elektrikoak erostek izango dira eta, gainerakoa (19,2 milioi) kargatzeko azpiegitura hedatzen laguntzeko.
Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren ebazpena gaur argitaratu da eta datorren astelehenean, uztailaren 10ean, jarriko da indarrean. Horrela, Europar Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan duela bi urte abian jarritako programaren bigarren hedatzea da.
Datorren astelehenean sartuko dira indarrean, ibilgailu erdiberriak erosteko aurreikusitako hobekuntzak. Ibilgailu elektrikoak eta erregai-pilakoak dira, M1, N1, L3e, L4e eta L5e kategorietakoak, eta hamabi hilabete arteko antzinatasuna dutenak. Fabrikatzaileak berak edo renting-enpresa batek edo rent motako enpresak izan beharko dute horien titulartasuna.