Ekonomia -
ENPRESARIAK
Erretirorako adina 68-72 urte bitarteraino atzeratzea eskatu du Espainiako Enpresarien Zirkuluak
Espainiako egungo pentsioen sistema publikoa ez dela jasangarria esan du Manuel Perez-Sala Enpresarien Zirkuluko presidenteak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Erretirorako adina 68-72 urte bitarteraino atzeratzea, langileen kaleratzea merkatzea, enpresek gizarte segurantzari ordaindu beharrekoa murriztea eta aberastasunaren gaineko zerga ezabatzea. Eskari horiek egin ditu Espainiako Enpresarien Zirkuluak, "Etorkizuneko agintariei eta legegileei gutun irekia" goiburupean zabaldu duen dokumentuan.
Manuel Perez-Sala aipatutako elkarteko presidentea agertu da hedabideen aurrean, eskarien berri emateko. Horren hitzetan, Espainiako egungo pentsioen sistema publikoa ez da jasangarria, eta "arazoa atzeratu" baino ez du egiten. "Herritarren bizi-itxaropena luzatzeak sortzen duen gastuari aurre egitea ezinezkoa da egungo sistemarekin", esan du. Hori dela eta, erretiroa hartzeko adina 68-72 urte bitarteraino atzeratzea eskatu du.
Gutunean, halaber, "elkarrizketarako eta elkar ulertzeko gaitasuna (...) eta erakundeen kalitatea eta independentzia berreskuratzea" eskatu ditu Perez-Salak, eta enpresaburuentzat "errespetua eta babesa", "gizarte osoarentzat aberastasuna eta enplegua sortzeko konpromiso handia" dutelako.
Espainiako koalizio-gobernuaren lan erreforma gogor kritikatu du Enpresarien Zirkuluak, "enpleguaren sorrera moteldu", "langabezia datuak ezkutatu" eta "malgutasuna kaltetu" dituela esanez. "Gizarte-eragileekin adostutako" erreforma berri bat premiazko jo du.
Bere aldetik, Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioak (CEOE) argi adierazi du ez datorrela bat Enpresarien Zirkuluaren eskariarekin.