Ekonomia -

Langabezia

2.643 langabe gutxiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian ekainean

Lau lurraldeetan egin du behera langabeziak, bereziki Nafarroan (% 2,49 gutxiago) eta Araban (% 2,35). Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak oso positibotzat jo dituzte datuok.

Bi emakume Lanbidek Donostian duen bulego batean. Argazkia: EFE
Bi emakume Lanbidek Donostian duen bulego batean.
Bi emakume Lanbidek Donostian duen bulego batean. Argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekainean, 2.643 pertsona gutxiago zeuden langabezian, betiere aurreko hilabetearekin alderatuta, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak eta Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak emandako datuen arabera. 

Lau lurraldeetan egin du behera langabeziak, baina bereziki aipagarria dira Nafarroako (% 2,49ko jaitsiera, 747 langabe gutxiago) eta Arabako beherakadak (%2,35, 447 langabe gutxiago). Ondoren datoz Bizkaiko datuak, % 1,66ko jaitsierarekin (1.002 langabe gutxiago) eta Gipuzkoakoak (% 1,59, 447 gutxiago). 

2022ko ekaineko datuekin alderatuta ere, behera egin du langabe kopuruak. EAEn 6.263 pertsona gutxiago zeuden lan barik, % 5,61 gutxiago. Lurraldeka, honakoa izan da bilakaera: Gipuzkoan % 5,94 jaitsi da (1738 langabe gutxiago); Bizkaian, % 5,93 % (-3744 langabe) eta Araban, % 4,04 (-781 ). Nafarroan, bestalde, 2084 langabe gutxiago zenbatu dituzte, % 6,65 gutxiago.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuaren aburuz, langabezia datuokin "hazkundearen bidean oreka eta egonkortasun agertokia" ikus daiteke, eta hala, "orain kalitatezko enplegua berreskuratzeko eta sortzeko norabideari eusteko unea" dela uste du.

Bestalde, Mari Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilariak "oso balorazio positiboa" egin du. Horren aburuz, enplegua "maila maximoan" dago eta langabezia 2008tik izandako maila baxuenean. Azpimarratu duenez, "datu historiko horiek" lan erreformaren eta Foru Gobernuaren enplegu politiken ondorio dira. 

Espainiako Estatuan ere nabarmena izan da beherakada. 50.268 langabe gutxiago erregistratu dituzte azken hilabetean (% 1,8 gutxiago) eta 2008tik lehen aldiz, 2,7 milioi langabetik behera kokatu da (2.688.842 pertsona lan barik). Zerbitzu sektoreak eman ditu datu onenak, langabeziaren jaitsieraren % 84 atal honetan izan baita. 

Langabeak emakumezko aurpegia izaten jarraitzen du

Langabeziak andrazkoei eragiten jarraitzen die beste hilabete batez —EAEn, 61.339 emakume daude langabezian, maiatzean baino 808 gutxiago, eta 17.999, Nafarroan—. Gizonezkoei dagokienez, beherakada nabarmenagoa izan da EAEn (1.088 langabe gutxiago), 44.040ra jaitsita. Foru Erkidegoan, 11.266 gizon daude lan barik.

Kontratu motari dagokionez, mugagabeek % 24,27 egin dute gora. Ekainean EAEn sinatutako 72.097 kontratuetatik 18.020 mota horretakoak izan ziren. Aipatzekoak etxeko lanetan (10 kontratu berrietatik 9 mugagabeak izan ziren) eta eraikuntzan (10etik 6) izandako gorakadak, betiere Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak emandako datuen arabera. 

Sektoreka, zerbitzuetan sortu dira enplegu gehien (1.209 langabe gutxiago), baita industrian (386) eta eraikuntzan (129) ere. Nekazaritzan 63 langabe gutxiago zenbatu dituzte. 

Afiliazioak gora EAEn, eta behera, Nafarroan

Halaber, Gizarte Segurantzan afiliatuta dauden pertsona kopurua apur bat hazi da EAEn (% 0,04) eta bigarren hilabetez segidan, milioi bateko mailatik gora eutsi dio (maiatzean erdietsi zen marka). 

Kontrara, afiliatu kopuruak behera egin du (gutxi bada ere) Foru Erkidegoan, eta 305.559 pertsona zeuden ekainean, maiatzean baino 971 gutxiago (- % 0,32). 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Nafarroa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua