Ekonomia -

LAN GATAZKA

Osakidetzako garbiketan aurreakordioa lortu dute gehiengo sindikalak eta enpresek

Negoziazio mahaiak berretsi aurretik, Osakidetzak oniritzia eman beharko dio LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek eta Osakidetzan garbiketa zerbitzua ematen duten enpresek lorturiko aurreakordioari.

Osakidetzako garbitzaileen elkarretaratzea. Artxiboko argazkia: EFE
Osakidetzako garbitzaileen elkarretaratzea. Artxiboko argazkia: EFE
Osakidetzako garbitzaileen elkarretaratzea. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hilabete luzetako greba eta mobilizazioen ondoren, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek aurreakordioa lortu dute Osakidetzan garbiketa zerbitzua ematen duten enpresekin. Orain, Osakidetzak bere onespena eman behar dio negoziazio mahaiak berretsi aurretik. Osasun Sailak EITB Mediari jakinarazi dio aurreakordioa aztertzen ari dela.

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Lan Sailburuordetzaren bitartekaritzarekin, gehiengo sindikalak (LAB, UGT, CCOO eta ESK) eta enpresek aurreakordioa lortu zuten joan den astelehenean, karrera profesionalari, hutsik dauden lanpostuak betetzeari eta errelebo kontratuei buruz.

Bi aldeek adostu dute, besteak beste, karrera profesionalaren hiru urte ordaintzea (2021, 2022 eta 2023), eta aurreko hiru urteengatik konpentsazio partzial bat ematea.

Aurreakordioa lortu eta astebetera, Osakidetzak ez du erantzun. Hori dela eta, gehiengo sindikalak gaur eskainitako prentsaurrekoan adierazi duenez, Osasun Sailak aukera hau "mespretxatzen" badu, mobilizazioei eta greba deialdiei eutsiko diete.

Sindikatuek salatu dutenez, Osakidetzak enpresei eta langileei akordioa lortzeko deia egin bazien ere, orain "trabak eta oztopoak" jartzen ari da.

Hortaz, arduraz jokatzeko eta proposamenean jasotakoari trabarik ez jartzeko eskatu diote Osakidetzari.

ELA: "Murrizketak onartu dituzte borrokari eutsi beharrean"

ELA sindikatuak ez du ontzat ematen LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek sektoreko enpresekin lotutako aurreakordioa, uste baitu murrizketak onartu dituztela borrokari eutsi beharrean.

Ohar batean azaldu duenez, ez da koherentea homologazioa defendatu duten sindikatuek hiru urteko murrizketa onartzea, "Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileentzako baldintza okerragoak betikotuz".

Osakidetzak aurreakordioari erantzun bitartean, borrokan eta mobilizazioekin jarraituko duela iragarri du ELAk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Langileen Alkartasuna albisteak LAB albisteak Ekonomia berriak Gaurko titularrak Albisteak Euskal sindikatuak Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Langile Komisioak azken ordukoa UGT Langileen Batasun Orokorra Lan gatazkak ESK sindikatuaren azken ordukoa