Ekonomia -
ZORDUNEN ZERRENDA
37 pertsona fisiko eta juridikok ia 132 milioi euro zor diote Arabako Ogasunari
37 zordunetatik 25 hartzekodunen konkurtsoan daude edo egon dira, eta zor guztiaren % 76,54a pilatzen dute.
EITB MEDIA
37 pertsona juridiko eta fisikok 131,93 milioi euroko zorra zuten iazko abenduaren 31n Arabako Ogasunarekin, Arabako Foru Aldundiak gaur goizean jakinarazi duenez.
Arabako Foru Ogasunak gaur argitaratu du 2022ko abenduaren 31ra arte milioi bat euro baino gehiagoko zorrak edo zehapenak zituzten zergadunen zerrenda.
Lehen tokian, Goya Sesenta y Nueve SL dago, 19 milioi euroko zorrarekin. Arabako zordun handien zerrenda Foru Aldundiaren webgunean ikus daiteke.
37 zordunetatik (34 enpresa eta 3 partikular) 25 hartzekodunen konkurtsoan daude edo egon dira, eta zor guztiaren % 76,54 pilatzen dute.
Pertsona fisikoen kasuan (3 dira), denen artean 10,07 milioi euroko zorra dute. 34 enpresak, ostera, 121,86 milioi euroko zorra dute guztira.
Hala ere, zordun handien zerrendan ez dira agertzen milioi bat eurotik gorako zorra duten zordun guztiak; izan ere, bertan ez dira ageri zorra atzeratuta, zatituta edo etenda dutenak edo ordaintzeko borondatezko epean daudenak.