Ekonomia -

KONTSUMOKO PREZIOEN INDIZEA

Inflazioa puntu bat baino gehiago apaldu da ekainean, % 1,9raino, mailarik baxuena 2021eko martxotik

Gainera, inflazioak bi hilabetez jarraian behera egin du. Azpiko inflazioa, berriz, % 5,9ra jaitsi da. INEk uztailaren 12an argitaratuko ditu ekaineko KPIaren behin betiko datuak.

Elikagaiak supermerkatuan. Argazkia: Efe
Elikagaiak supermerkatuan. Argazkia: Efe
Elikagaiak supermerkatuan. Argazkia: Efe

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) % 0,6 igo da ekainean, aurreko hilaren aldean, eta 1,3 puntu murriztu da urte arteko tasa, % 1,9raino, 2021eko martxotik izan duen mailarik txikienera, erregaien, elektrizitatearen eta elikagaien prezioen igoera aurreko urtekoa baino txikiagoa izan delako.

Ekaineko atzerakadarekin, inflazioak bi hilabetez jarraian egin du behera, maiatzean bederatzi hamarren jaitsi ondoren, % 3,2raino, Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak (INE) gaur argitaratutako datuen arabera.

Estatistikako Institutu Nazionalak azpiko inflazioaren (landu gabeko elikagairik eta produktu energetikorik gabe) estimazio bat sartu du KPIaren datuen aurrerapenean. Ekainean bi hamarren jaitsi da, % 5,9raino, KPI orokorra baino 4 puntu gorago, eta mailarik txikienean 2022ko ekainetik.

Gaur iraungitzen zen oinarrizko elikagaien BEZaren beherapena luzatu berri du Espainiako Gobernuak. Zerga-beherapen horrek bere horretan jarraituko du, baldin eta azpiko inflazioa % 5,5etik gorakoa bada.

INEk uztailaren 12an argitaratuko ditu ekaineko KPIaren behin betiko datuak.

Ekaineko datua jakin ondoren Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioak nabarmendu duenez, "Espainia euroguneko inflazioa % 2tik behera jaitsi duen lehen ekonomia handia da". Hori da Europako Banku Zentralaren (EBZ) erreferentzia-maila.

Nadia Calviñok zuzentzen duen Ministerioak azpimarratu du Gobernuak hartutako neurriei esker inflazioa "ia 9 puntu" murriztu dela "urtebete baino gutxiagoan".

Ministerioak esanetan, gainera, ekaineko inflazio-datuek elikagaien eta alkoholik gabeko edarien, erregaien eta elektrizitatearen prezioen moderazioa berresten dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia KPI Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoa