Ekonomia -
LAN GATAZKA
Tourraren aurkezpen ekitaldirako protesta ekintza bat iragarri dute ertzainek
Ostegunean Bilbon izango da aurkezpen ekitaldia. Hitzarmen berri baten alde protestan ari diren ertzainek Segurtasun Sailari eskatu diote "kalera atera diren milaka lankideen ahotsa" entzuteko. Halaber, ertzainen kontrako "kanpaina mediatikoa" salatu dute.
EITB MEDIA
Hitzarmen berri baten alde protestan jarraitzen dute ertzainek, eta gaur berriro atera dira kalera Gasteizen. Eusko Legebiltzarraren ataritik Lehendakaritzaraino manifestazioa egin dute, han gaur Gobernu Bilera egiten ari direlako. Bertan iragarri dute ostegunean Bilbon, Frantziako Tourraren aurkezpen ekitaldian, beste protesta ekintza bat egingo dutela.
Ehunka ertzainek hartu dute parte goizeko manifestazioan, ErNE, Esan, Euspel eta Sipe sindikatuek eta 'Ertzainak gatazkan' kolektiboak deituta, eta gaurkoan ere, tranbiaren joan-etorria eten dute tarte batean.
Joan den ostiralean bildu ziren langileen ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko kideekin, Erandioko egoitza nagusian. Ezer adostu gabe, sindikatuak mahaitik altxatu ziren eta Josu Erkorekak zuzentzen duen sailaren "jarrera immobilista" salatu zuten. Ordutik, Sergio Gomez de Segura ErNEko ordezkariak esan duenez, ez dute beste deirik jaso.
"Deiaren zain" jarraitzen dutela gehitu du Gomez de Segurak, "zenbat eta lehenago jaso, hobe". Horren arabera, negoziaziorako borondaterik ez du erakutsi Jaurlaritzak, eta ez da errespetuz jokatzen ari.
Ertzainen protestengatik Tourra arriskuan ote dagoen galdetuta, ErNEko kideak azaldu du egoera hori ez dutela aurreikusi nahi. Zentzu horretan, Segurtasun Sailari eskatu dio "kalera atera diren milaka lankideen ahotsa" entzuteko. Halaber, ertzainen kontrako "kanpaina mediatikoa" salatu dute.