Ekonomia -
LAN GATAZKA
ErNE, ESAN, Euspel eta SiPE sindikatuek asteartean Gasteizen manifestatzeko deia egin diete ertzainei
Manifestazioa 10:00etan Eusko Legebiltzarrean hasi eta Lehendakaritzan amaituko da. Segurtasun sailburuak Ertzaintzako sindikatuen jarrera "estua, arduragabea eta irrealista" dela esan ondoren etorri da deialdia.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ertzaintzako lau sindikatu nagusiek (ErNE, ESAN, Euspel eta SiPE) astearte honetan Gasteizen mobilizatzeko deia egin dute, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak ostiralean esan ondoren sindikatuek Ertzaintzaren Negoziazio Mahaian izandako jarrera "estua, arduragabea eta irrealista" izan zela.
Gaur goizean argitaratutako ohar bateratu batean sindikatuek adierazi dutenez, Eusko Jaurlaritza ertzainen aurka egiten ari den "erasoen" aurrean, "bihar da erantzuteko egunik egokiena". "Eraso horren aurrean Gasteizen erakutsi behar dugu bat eginda gaudela, bereizten gaituen ikur eta markarik erakutsi gabe", gaineratu dute.
Ildo horretan, sorbaldak elkartuz eta norabide berean arraun egiteko eta manifestazioan parte hartzeko eskatu diete ertzainei. Manifestazioa 10:00etan Eusko Legebiltzarrean hasi eta Lehendakaritzan amaituko da.