Ekonomia -
Pentsiodunen Mugimendua
Euskal Herriko pentsiodunek eurekin biltzeko eskatu diote Urkulluri
Ohar batean azaldu dutenez, pentsiodunek uste dute lehendakariak berak egin behar diela harrera, eta iragarri dute beren eskaerak Eusko Legebiltzarreko batzordera ere eramango dituztela irailean.
Agentziak | EITB Media
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak berriro eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari haiekin bildu dadila beren aldarrikapenak helarazteko, hilero gutxienez 1.080 euroko pentsio duinak eskatzen baitizkiote.
Ohar batean, mugimendu horrek gogorarazi du lehendakariarekin elkartzeko eskaera ekainaren 6an egin zutela, eta, eskaeraren aurrean, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin bilera bat izatera bideratu zituztela.
Pentsiodunen aburuz, lehendakariak berak egin behar die harrera, eta irailean beren eskaerak Eusko Legebiltzarreko batzordera ere eramango dituztela iragarri dute.
Era berean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarri du manifestazioak egingo dituela uztailean Hego Euskal Herriko hiriburuetan, bere aldarrikapenak agenda politikoan eta hauteskunde orokorretarako antolatutako eztabaidetan "aurkezteko".
Mobilizazioak uztailaren 3an izango dira Nafarroako hiriburuan, uztailaren 15ean Gasteizen eta Donostian, eta hilaren 17an Bilbon.