Ekonomia -
LAN-GATAZKA
San Fermin egunerako ostalariek Iruñean deituta zuten greba bertan behera, aurreakordioa lortu ostean
Aurreakordioak, gainera, ordaindu gabeko aparteko orduekin amaitzeko fitxaketa digitaleko sistema bat aurreikusten du, beste hobekuntza batzuen artean.
EITB MEDIA
UGT eta CCOO sindikatuek ostalaritzaren sektoreko hitzarmen kolektiboaren aurreakordioa sinatu dute ostegun honetan patronalarekin. Aurreakordio horren arabera, hilean 120 euro baino gehiago igoko dira soldata. Halaber, fitxaketa digitalerako sistema bat ezartzea aurreikusten da, ordaindu gabeko aparteko orduekin amaitzeko, beste hobekuntza batzuen artean.
Zehaz0ki, UGTk ohar baten bidez adierazi duenez, soldatei dagokienez, aurreakordioak % 4ko igoera ezarri du 2022rako, % 4koa 2023rako, % 3koa 2024rako eta % 3koa 2025erako. Lau urte horietako KPI errealaren baturak % 14ko igoera osoa gainditzen badu, berrikusi egingo da, % 17ko igoerara arte.
Gainera, sektorean lan egiten duten beharginek 1.000 eurotik gorako ordainketa jasoko dute atzerapenak konpentsatze aldera. Halaber, hilean 30 euroko plus berri bat sortuko da B2 titulua bi hizkuntzatan egiaztatzen duten harreragileentzat, bai eta 20 euroko prestakuntza-plusa ere, prestakuntza-planik ez duten enpresetako langileek formakuntza jaso dezaten.
Bestalde, aurreakordioak aurreikusi du antzinatasunaren araberako kategoria aitortzea, nahiz eta enpresaz aldatu.
Nafarroako UGTko Zerbitzuen, Mugikortasunaren eta Kontsumoaren Federazioak % 40,41eko ordezkaritza du sektorean, eta nabarmendu dute "akordio handi" dela, Foru Erkidegoan 20.000 langiletik gora langilek soldata- eta lan-baldintzak hobetuko dituelako. Hitzarmena 2021eko abendutik berritu gabe zuten.
Hala, amaiera eman zaio denbora luzez iraun duen lan-gatazka honi eta, hortaz, bertan behera geratu da uztailaren 1erako eta 7rako, San Fermin jaietarako, egitekoak ziren greba.