Ekonomia -
EUSKO JAURLARITZA
Gazteen emantzipaziorako 300 euroko laguntza 2024ko hasieran jarriko da indarrean
Eusko Jaurlaritzaren Emantzipa Programak bi urteko zuzeneko dirulaguntza aurreikusten du 25 eta 29 urte bitarteko gazteentzat, urtean 3.000 eta 28.000 euro arteko errenta badute.
EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariak Emantzipa programako gazteen emantzipaziorako laguntzak arautzen dituen aurretiazko onarpen-dekretua sinatu du gaur, eta izapide horren berri eman dio Gobernu bilerari.
Aurreikusitako prozedurari eta egutegiari jarraituz, aldez aurretik onartu dira laguntzaren baldintza orokorrak, onuradunek bete beharreko baldintzak, beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna, zenbatekoa, etxebizitza bakoitzeko gehieneko onuradun-kopurua eta emateko prozedura jasotzen duen dekretuaren testu artikulatua, besteak beste.
Emantzipa programak hilean 300 euroko laguntza zuzena emango die bi urtez, emantzipazio-prozesua hasi duten edo hasi behar duten 25 eta 29 urte bitarteko gazteei, baldin eta 3.000 eta 28.000 euro arteko errenta badute.
Programa horren helburua da emantzipatzeko batez besteko adina 28 urtetik behera jaistea eta emantzipazio-tasa % 50eraino igotzea 2030erako.
Onuradunek Euskadin erroldatuta egon beharko dute eskaera egin aurreko urtean, eta azken hamar urteetan hiru urtez erroldatuta egon direla egiaztatu beharko dute. Bikotean emantzipatzen diren edo beste pertsona batzuekin bizi diren gazteen kasuan, bereizita legokiekeen zenbatekoaren murrizketa aplikatuko da.