Ekonomia -
Bateriak
Basquevolt enpresak litiozko bateria solidoaren prototipo berri bat egingo du urte amaierarako
Bateria horien teknologia "iraultzaileak" egungo bateria elektrikoen kostua % 30 murriztu, eta, gainera, horien autonomia % 50 handituko du, "hemendik 2035era ibilgailu elektrikoa demokratizatzea" ahalbidetuko duena, Basquevolt enpresako buruak iragarri duenez.
Agentziak | EITB MEDIA
Basquevolt enpresak litiozko bateria solidoaren prototipo bat fabrikatuko du urte amaierarako, hau da, aurreko bertsioak (orduko 20 anpere) baino ampere-kopuru handiagoa duen modeloa; beraz, bateria hori ibilgailu elektrikoentzako etorkizuneko baterien ataria da.
Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimen publiko-pribatua da Basquevolt, eta 2025aren amaieran orduko 1 GW-eko ekoizpen-lerro bat martxan jartzea espero du. Halaber, "Europako teknologia soilik" duten serieko bateriak egitea espero du 2027rako, urte horretan iritsiko bailitzateke bateria hori automobilgintzako merkatura.
Bateria horien teknologia "iraultzaileak" (CIC Energigunek 10 urtez garatuak) egungo bateria elektrikoen kostua % 30 murriztu, eta, gainera, horien autonomia % 50 handituko du; horri esker, "ibilgailu elektrikoa demokratizatu ahal izango da hemendik 2035era".
Hala iragarri du Francisco Carranz Basquevolt enpresako buruak Basquevolt Innovation Center (CBI) laborategiaren inaugurazioan, Miñaoko Parke Teknologikoan (Araba).Laborategi horretan, konpainiak bere bateriak garatzen jarraituko du, gaur egungoak baino txikiagoak eta pisu txikiagokoak.
Urtebete sortu zenetik
Inaugurazio ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du Basquevolt "made in Euskadi garapen teknologiko eta industrialean" oinarritutako proiektua dela, eta esan du, halaber, "erronka global guztietan (digitala, energetikoa, klimatikoa eta soziala) eragina duen ekimen eraldatzailea" dela.
Horregatik, konpainiak "nazioarteko industria-etorkizunak lortu nahi dituen baldintza guztiak batzen ditu", eta, beraz, Next Generation funts europarrek "aintzat hartu" behar dutela gaineratu du.
Lehendakariak azpimarratu du, halaber, sortu eta urtebete eskasera, Basquevolt proiektuak "emaitza positiboak" dituela, eta proiektu horren atzean dagoen lankidetza publiko-pribatuaren formula aldarrikatu du, "funtzionatzen duen eredua" delako.
Gaur egun, 15 nazionalitatetako 40 profesional ari dira lanean Basquevolt enpresan, baina proiektua bete-betean martxan dagoenean, 800 postu baino gehiago sortuko dituztela eta 700 milioi euro baino gehiago inbertituko direla uste dute.
Auto elektrikoen baterietarako litio solidozko gelaxken teknologia garatu eta industrializatuko duen munduko lehen gigafaktoria izateko asmoarekin sortu zen Basquevolt, nahiz eta bere bateriek energia-biltegiratze lehiakorragoa ahalbidetuko duten, bai eta aireko eta trenbideko garraioko elektrifikazioan aurrerapenak egitea ere.