Ekonomia -
Lan-gatazka
Gasteizko Michelinek ez du hitzarmen eskaintza babestu, baina baiezko botoa nagusitu da gainerako lantegietan
Gasteizko langileek boto masiboa eman dute, eta emaitza aurkako 2.006 botokoa eta aldeko 1.093koa izan da. Hala ere, Espainiako Estatuko gainerako lantokietan emaitza bestelakoa izan da, eta, oro har, hitzarmen kolektiboaren proposamena babestu dute aldeko 3.297 botorekin eta kontrako 2.513rekin.
Agentziak | EITB Media
Michelinen Gasteizko lantegiko langileek ezezko botoa eman diote zuzendaritzak egindako hitzarmen eskaintzari, botoen % 65ekin, sindikatuetako iturriek jakitera eman dutenez.
Gasteizko langileek boto masiboa eman dute, % 89ko parte-hartzearekin, eta emaitza aurkako 2.006 botokoa eta aldeko 1.093koa izan da. Gasteizen ez ezik, Aranda de Dueroko (Burgos) eta Valladolideko lantegietan ere egin dute erreferenduma.
Erreferendumaren emaitza Espainiako lantegietarako batera zenbatuko da.
Hala ere, Espainiako Estatuko gainerako lantokietan (Almeria, Valladolid eta Aranda de Duero) emaitza oso bestelakoa izan da, eta, oro har, hitzarmen kolektiboaren proposamena babestu dute aldeko 3.297 botorekin (% 56,54) eta kontrako 2.513rekin (% 43,10), CCOOk ohar baten bidez jakinarazi duenez. Beraz, hitzarmen-proposamenaren aldeko baiezko botoa alde estuarekin gailendu da.
Bestalde, Erreferendumean 21 boto zuri eta baliogabe izan dira, eta parte-hartzea langileen % 87,86koa izan da (5.831 boto).
Lantokien arteko batzordea 19:00etan bildu da Burgosen, enpresaren eskaintza onartzeko. Honenbestez, grebak amaituko dira.
Horrela, Michelineko zuzendaritzak eta sindikatuek multinazionalaren 2023-26 hitzarmena sinatu dute Almeria, Aranda de Duero (Burgos), Valladolid eta Gasteizko lantegietarako, konpainiak baieztatu duenez. Sinadura Michelingo zentroen arteko hitzarmen kolektiboaren negoziazio-batzordearen hamargarren bileran egin da.
Enpresako zuzendaritzak adierazi du ekitaldi honekin amaitutzat ematen dela 2023-2026 aldirako hitzarmen kolektiboaren negoziazio-prozesua, eta eskertu egin du negoziazio-aldi osoan zehar egindako "elkarrizketa ahalegina".