Ekonomia -
lan gatazka
Greba deitu dute Bizkaiko ostalaritzan ekainaren 29rako eta 30erako, Frantziako Tourraren bezperan
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek hitzarmen "duina" galdegin dute, eta Bizkaiko Ostalaritza Elkartearen "immobilismoa" salatu, joan den ekainaren 1ean egin zituzten lanuzte partzial "arrakastatsuen" aurrean "entzungor" eginda.
EITB Media
Bizkaiko Ostalaritzan ordezkaritza duten sindikatu guztiek, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk, bi greba egun deitu dituzte ekainaren 29rako eta 30erako. "Hitzarmenik gabe ez dago Tourrik" lelopean, Frantziako Tourra Bilbotik abiatu bezperan egingo dituzte lanuzteok.
Lau sindikatuetako ordezkariek Bizkaiko hiriburuan egindako prentsaurreko batean, Bizkaiko Ostalaritza Elkartearen jarrera "arduragabe" eta "immobilista" salatu dute. Horien ustez, patronalak "sektoreko langileen aldarrikapenei entzungor" egiten die, eta "langileak pobretzen jarraitzeko asmoarekin" jarraitzen du. Jokaera hori Gipuzkoako zein Arabako patronalak duten jarrerarekin alderatu dute, gainera. Gipuzkoan akordioa erdietsi ei dute, eta Araban negoziatzen ari dira.
Hilaren 1ean bederatzi orduko lanuzteak egin zituzten langileek, eta, sindikatuen hitzetan, protesta eguna "arrakastatsua" izan zen. Orduan bezala, hitzarmen "duina" galdegingo dute, soldata igoera eta lan hobekuntzak izateko.
"Soldaten igoerarik gabe jarraitzen dugu 2020ko urtarriletik. Denbora horretan, aldi baterako lan erregulazioak jasan ditugu, gero partzialak. Ikusi dugu denbora horretan KPIa % 12 baino gehiago igo dela, gure soldatak 0, sektoreko prezioak % 15 baino gehiago, gure soldatak 0", kritikatu dute.
Sindikatuon arabera, sektoreko enpresek "irabaz tarteak handitu nahi dituzte", eta "langile klasearen kontura" egin nahi dute, beharginek "Covid faktura ordaintzen" amai dezaten.