Ekonomia -
EAE-KO AURREKONTUAK
Jaurlaritzak aurtengo hazkunde aurreikuspena hamarren bat hobetu du, % 1,6raino
Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, EAEko ekonomia % 2,1,haziko da 2024an. Langabezia tasari dagokionez, aurten % 8,2koa eta heldu den urtean % 7,5ekoa izatea aurreikusi du.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzak 2024ko Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) aurrekontuak gidatuko dituzten gidalerroak onartu ditu, eta bertan jasotzen diren aurreikuspenen arabera, EAEko ekonomia % 1,6 haziko da aurten, martxoan aurreikusi baino hamarren bat gehiago, eta % 2,1, berriz, 2024an.
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuaren esanetan, aurten 11.000 lanpostu sortuko dira, eta 16.000 datorren urtean. Langabezia-tasa % 8,2koa izango da 2023an, eta % 7,5ekoa 2024an.
"Ekonomia garatuen susperraldia harridura sorrarazten ari da, eta Euskadi ez da salbuespena", azpimarratu du Azpiazuk.
2024ko aurrekontuen helburu nagusiak susperraldi ekonomikoa sendotzea, garapen ekonomiko jasangarria eta kalitatezko enplegua bermatzea, herritarren ongizatea eta bizi kalitatea ziurtatzen duten politika sozialak garatzea izango dira, erronka demografikoari aurre eginez eta gazteriaren aldeko apustua eginez.
Ekonomia eta Ogasun Sailak zabaldutako informazioaren arabera, finantza publikoen iraunkortasuna da Eusko Jaurlaritzak gobernu gisa duen erronka handienetako bat, kontsolidazio fiskala eta inbertsio premia "izugarriak" uztartu beharko baititu. Gaineratu duenez, inbertsio hori beharrezkoa da ehun ekonomiko eta soziala klima aldaketaren aurkako borrokaren eskakizunetara egokitzeko, azpiegiturak berritzeko eta ezagutzan, teknologian eta berrikuntzan oinarritutako hazkunde ekonomikoa bultzatzeko.
Finantza publikoen sendotasunari dagokionez, gaur-gaurkoz Egonkortasun eta Hazkunde Itunaren ihes-klausulak indarrean jarraitzen du. Dena dela, indargabetzen denean, EAErako defizit eta zor muga berriak Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan ezarri beharko dira. Edozein kasutan, Eusko Jaurlaritzak aurreratu du ordura arte "ahalik eta gehien" baliatuko dituela aurrekontu malgutasunaren marjinak.
Jaurlaritzak 2024ko aurrekontu proiektua lehenbailehen onartu nahi du, ondoren Eusko Legebiltzarreko tramitazioa bideratzeko.