Ekonomia -
INFLAZIOA
Urte arteko inflazioaren igoera % 3,4an geratu da EAEn, eta % 3,6an, Nafarroan, maiatzean
Espainiako Estatuan maiatzean urte arteko tasa % 3,2an kokatu da. Erregaiak merkatu eta elikagaiak gutxiago garestitu direlako apaldu da, batez ere, inflazioa.
O. A. | EITB Media
Urte arteko inflazioaren igoera apaldu egin da maiatzean, eta % 3,4an gelditu da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta % 3,6an Nafarroan, aurreko hilabetean baino 0,9 eta 0,7 puntu gorago, hurrenez hurren, Espainiako Estatistika Institutuak gaur zabaldutako behin betiko datuen arabera.
Apiriletik maiatzera, ostera, inflazioa mantendu egin da EAEn, eta hamarren bat jaitsi da Nafarroan.
Urtea hasi zenetik, prezioak % 1,9 garestitu dira EAEn, eta % 1,3 Nafarroan.
Espainiako Estatuan, urte arteko KPIa % 3,2ra apaldu da maiatzean, eta 2021eko uztailetik izandako txikiena da. Apirilean, urte arteko tasa % 4,1ekoa izan zen, eta, beraz, bederatzi hamarren egin du behera.
Erregaiak merkatzeak eta elikagaiak gutxiago garestitzeak eragin dute, batez ere, inflazioaren apaltzea. Halaber, elikagaien prezio igoera apaldu bada ere, duela urtebete baino % 12 garestiagoak dira Espainiako Estatuan.
Bestalde, azpiko inflazioa (energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena) bost hamarren jaitsi da maiatzean, % 6,1eraino. Hortaz, KPI orokorra baino 2,9 puntu handiagoa da.