Ekonomia -

Lan-gatazka

Gasteizko Michelin lantegiko beharginek laugarren greba-eguna dute gaur

Hitzarmena berritzeko enpresak aurkeztutako proposamena errefusatu egin du enpresa-batzordeak, eta, akordioa lotu ezean, 24 orduko lanuzteak iragarri dituzte hilaren 19 eta 23rako.

Michelingo langileen martxa, Gasteizen. Argazkia: EFE
Michelingo langileen martxa, Gasteizen. Argazkia: EFE
Michelingo langileen martxa, Gasteizen. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Michelin lantegiko beharginak greba egitera deituta daude gaur, ekainak 12, berriro ere, euren lan-hitzarmena berritzea lortzeko egindako laugarren greba-egunean. ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuek deitutako lanuztea izango da, CCOO, UGT, CSIF eta CSM sindikatuek babestuta. Hitzarmen berriak "azken urteetan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea" bermatzea eskatzen dute sindikatuek.

Larunbatean, hirugarren greba-eguna egin zuten. Ekoizpena geldiarazi zuten, lanuzteak % 90etik gorako jarraipena izan baitzuen, sindikatuetako iturrien esanetan. Gainera, langileek bizikleta martxa egin zuten, "lan-hitzarmen duina" eskatzeko. Hala, lantegitik abiatu, eta Andre Maria Zuriaren plazaraino joan ziren bizikletan.

Testuinguru horretan, Michelingo Lantegien arteko Batzordeak aho batez baztertu du enpresak hitzarmen kolektiboa berritzeko aurkeztu duen proposamena, eta negoziatzen jarraitu ezean, 24 orduko lanuzteak iragarri dituzte ekainaren 19 eta 23rako.

Sindikatuetako ordezkariek behin eta berriz eskatu dizkiote enpresari errespetua, ardura eta zuhurtzia egoera horri aurre egiteko, eta negoziaziorako prest egoteko eskatu diote, lan-hitzarmena berritzeko.

Langileek eskatutako soldata igoerak eta Michelinek eskainitakoak eragin du bi aldeen arteko desadostasun nagusia; izan ere, enpresak egindako proposamena ez dator bat langileen aurreikuspenekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA LAB Grebak Multinazionalak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Lasarte-Oria Albisteak Manifestazioak Lan gatazkak Industria ESK Automobilgintza