Ekonomia -

Etxebizitzen Prezioen Indizea

Etxebizitzaren prezioa % 3,1 igo da Euskadin eta % 5,8 Nafarroan urteko lehen hiruhilekoan

Nafarroan garestitu da gehien etxebizitza libreen prezioa. Espainian, oro har, etxebizitza % 3,5 garestitu da.

Etxebizitzen salerosketa. Argazkia: EFE.
Etxebizitzen salerosketa
Etxebizitzen salerosketa. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxebizitzaren prezioa % 3,1 garestitu da Euskadin 2023ko lehen hiruhilekoan, 2022ko aldi beraren aldean. Nafarroan, berriz, igoera % 5,8koa izan da; hau da, etxebizitza librearen prezioa bertan garestitu da gehien 2022ko lehen hiruhilekoaren eta aurtengo lehenengoaren artean, Estatistikako Institutu Nazionalak gaur argitaratutako datuen arabera.

Etxebizitza berriak % 3,8 garestitu dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta bigarren eskukoak, berriz, % 3. Nafarroako Foru Erkidegoan, berriz, etxebizitza berriak % 8,9 garestitu dira, eta bigarren eskukoak, % 4,3.

Espainian, oro har, etxebizitza % 3,5 garestitu da; beraz, etxebizitzaren prezioak 36 hiruhileko jarraian egin du gora. Halere, bi urtean izan duen gorakada txikiena izan da.

Lehen hiruhilekoan, etxebizitzaren prezioak gora egin du autonomia-erkidego guztietan. Nafarroan (% 5,8), Kantabrian (% 5,6) eta Kanariar Uharteetan (% 5,5) garestitu da gehien etxebizitzaren prezioa, eta Extremaduran (% 1,1), Gaztela-Mantxan (% 1,6) eta Murtzian (% 1,7) garestitu da gutxien. 

Estatistikako Institutu Nazionalak urtero berrikusten du Etxebizitzen Prezioen Indizea. Indize horren helburu nagusia da Espainiako familiek erositako etxebizitza libreen salerosketa-prezioaren bilakaera neurtzea, bai etxebizitza berriena, bai bigarren eskukoena.

Etxebizitzen erosketa hondoratu egin da

Etxebizitzen salerosketa % 25,1 jaitsi da Euskadin eta % 25 Nafarroan apirilean, urtebete lehenagoko datuekin alderatuta, Notariotzaren Kontseilu Nagusiak gaur emandako datuen arabera.

Espainian, % 20,7ko jaitsiera izan da apirilean, aurreko urtearekin alderatuta; etxe bat erosteko hipoteka-maileguen emakida, berriz, % 31,9 hondoratu da, interes-tasen igoerak eta, ondorioz, finantzaketaren garestitzeak markatutako testuinguruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza