Ekonomia -
Bidaiak
Gazteek udan bidaiatzeko deskontuei buruz jakin beharreko guztia
Deskontuak Estatuaren titulartasuneko trenen eta autobusen joan-etorriko txartel arruntetan aplikatuko dira, bai eta 2023ko ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean bidaiatzeko data duten Interrail paseetan ere.
EITB Media
Espainiako Gobernuaren Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak % 90erainoko deskontuak aktibatu ditu 18 eta 30 urte bitarteko gazteei uda honetan garraio publikoan bidaiatzea errazteko, bai Espainian, bai Europan zehar.
Deskontuak Estatuaren eskumeneko trenen eta autobusen joan-etorriko txartel arruntetan aplikatuko dira, bai eta 2023ko ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean bidaiatzeko data duten Interrail paseetan ere.
Onuradun izateko, beharrezkoa da hemen erregistratzea, gutxienez, lehen erosketa egin baino 24 ordu lehenago, hautagarritasun-baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Erregistroa egin ondoren, deskonturako txartela eskuratzean enpresa operadoreari eman beharko zaion kode bat lortuko da.
Enpresek euren sistemak egokitzen dituzten heinean jarriko dute martxan txartelen salmenta. Operadoreen ohiko webguneek eta kanalek informazio gehiago eskainiko dute.
Baldintzak
Hona hemen neurri berriaren onuradun izateko bete beharreko baldintzak:
Deskontuak
- Distantzia ertaineko tren-zerbitzu konbentzionalak eta zabalera metrikokoak: txartel arrunten eta joan-etorrikoen prezioaren % 90eko beherapena
- Avant: % 50eko deskontua billete arruntetan eta joan-etorrikoetan
- Tren-operadore guztien merkataritza-zerbitzuak edo abiadura handiko zerbitzuak: txartelaren prezioaren % 50eko beherapena, txartel bakoitzeko 30 euro gehienez ere
- Estatuaren eskumeneko autobus erregularreko zerbitzuak: txartel errazaren eta joan-etorrikoaren prezioaren % 90eko deskontua
- Interraileko Global Malguaren % 50eko deskontua, 10 egunekoa 2 hilabetean, Renferen bidez merkaturatzen denean