Ekonomia -
Lan gatazka
Gasteizko Michelingo grebak % 93ko jarraipena izan du sindikatuen arabera; % 54koa, zuzendaritzaren esanetan
CGT, ESK, ELA eta LAB sindikatuek deitutako lehen lanuztea da, KPIaren araberako soldata igoera eskatzeko. Astelehen honetan, hainbat mobilizazio egin dituzte, eta hurrengoak ekainaren 7an, 10ean eta 12an izango dira.
Agentziak | EITB Media
CGT, ELA, LAB eta ESK sindikatuen arabera, Gasteizko Michelin lantegiko ekoizpen tailerretako grebaren jarraipena % 93koa izan da astelehen honetan, "hitzarmen duin baten negoziazioa" eskatzeko deitutako lau lanuzteetako lehenengoan. Zuzendaritzak, bestalde, % 54ra jaitsi du grebaren jarraipena.
Mobilizazioak 05:00etan hasi dira, goizeko lehen txandarekin, Gasteizko enpresaren atarian, eta langileen "jarraipen zabala" izan du, 'Merezi dugun hitzarmenaren alde' lelopean.
Gainera, hainbat manifestazio egin dituzte egunean zehar; 13:00etan enpresaren inguruan, eta 18:00etatik aurrera, Arabako hiriburuko kaleetan.
Pneumatikoak ekoizten dituen multinazionalaren azken proposamena gaitzestea du helburu grebak, ez baititu soldata igoerak KPIarekin lotzen, baizik eta enpresaren emaitzekin lotutako erreferentziazko indize batekin, iturri horien arabera.
KPIari lotutako soldata igoeraz gain, deialdia egin duten sindikatuek lanaldia murriztea eskatu dute. Zehazki, "garapen lanaldietako" urteko zortzi orduak horren barruan zenbatzeko eta langileen egun libreetan egin behar ez izateko eskatu dute.
ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuek hitzarmeneko sarrera soldata kentzeko ere eskatzen dute, enpresan soldata eskala bikoitza egon ez dadin.
Lanuzteek 21:00etan jarraituko dute, lantegira sartzeko tornuetan, eta hurrengoak ekainaren 7an, 10ean eta 12an egingo dituzte.