Ekonomia -
prezioak
Urte arteko KPIa % 3,2ra jaitsi da maiatzean eta azpiko inflazioa % 6,1ean kokatu
2021eko uztailetik izandako tasarik baxuena da. Batez ere erregaien merkatzeak eragin du beherakada, eta maila txikiago batean, elikagaien prezioak hainbeste ez garestitzeak.
EITB Media
Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) urte arteko tasa bederatzi hamarren, % 3,2ra, jaitsi da maiatzean, 2021eko uztailetik izandako mailarik baxuenean kokatuta. Halaber, azpiko inflazioa % 6,1ean kokatu da.
Biak ala biak datu aurreratuak dira, INE Espainiako Estatistika Institutuak emandakoak. Behin betiko datua ekainaren 13an kaleratuko dute.
Aurreko hilabeteetako joera hautsi da, horrenbestez, maiatzean. Izan ere, apirilean zortzi hamarren egin zuen gora inflazioak eta % 4,1ean kokatu zen, INEren datuen arabera.
Erregaiak asko merkatu dira, eta horri egotzi dio beherakada INEk. Gainera, elikagaien prezioak ez dira iazko maiatzean bezainbat igo, eta horrek ere lagundu du.
Azpiko inflazioari —energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena— dagokionez, bost hamarren jaitsi da, % 6,1eraino. Hala, KPI orokorra baino 2,9 puntu gorago dago, hots, 2022ko uztailetik izandako tasa baxuenean.