Ekonomia -
Aurreikuspen ekonomikoak
Adegik aurreikusi du 3.000-4.000 lanpostu sortuko direla aurten Gipuzkoan
Maiatzeko inkestan jasotako datu nagusien artean nabarmendu dute, halaber, Gipuzkoan % 2 haziko dela ekonomia 2023an, iaz baino 2,2 puntu gutxiago.
EITB MEDIA
Adegik, Gipuzkoako enpresarien elkarteak, urteko batzar nagusia egingo du bihar, Enpresaren Egunean, baina aurretik prentsaurrekoan aurkeztu ditu 2023rako egindako azken aurreikuspenak, maiatzeko inkestan oinarrituta. Testuinguru horretan, iragarri du 3.000-4.000 lanpostu artean sortuko direla aurten, Gipuzkoan, eta ekonomia % 2 haziko dela (iaz % 4,2 hazi zen).
Eduardo Junkera presidentea, Jose Miguel Ayerza zuzendari nagusia eta Patxi Sasigain lehiakortasun eta berrikuntza alorreko zuzendaria izan dira prentsaurrekoan.
Espresenganako konfiantzari dagokionez, "apur bat" suspertu dela esan du Junkerak, urtarrileko inkestaren emaitzekin alderatuta, 0,5 puntu hazi baita. Enpresen fakturazioa, berriz, % 1,7 igo da.
Gaur-gaurkoz enpresarien kezka nagusiak zein diren ere argitu du. Lehengaien eta energiaren garestitzea, lan kostuen igoera eta langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasuna dira, batez ere, enpresarien artean ardura eragiten duten kontuak. Dena den, banku finantzaketarekin lotutako kezkak hartu du, bereziki, indarra azkenaldian.
Enpleguaren gaira itzulita, azpimarratu du enpresen % 91k beren horretan eutsiko diotela enplegu mailari.
Akordioak Gipuzkoan
Ekonomiaren egungo egoera "zaila" mintzagai, Junkerak garrantzia eman die Adegik Gipuzkoan "negoziatutako eta lortutako" akordioei. "Modu batean edo bestean sindikatu guztiek hartu dute parte horietan", nabarmendu du.
Haren iritziz, bake soziala da Gipuzkoari, bere enpresei eta langile guztiei ekarpenik handiena egiteko modua. "Konfiantza eta egonkortasun mezu bat da, inflazioak eta ezegonkortasunak agintzen duten une honetan. Seguru nago aurretik ditugun erronkei aurre egiten lagunduko digula", adierazi du.
Bereziki, Metalaren sektorean hitzartutako itunari egin dio aipamena, soldata baxuenak dituzten beharginak babesten dituela iritzita.