Ekonomia -

Aurreakordioa

Bizkaiko erresidentzietako langileek hitzarmena berritzea lortu dute, 68 greba egunen ondotik

Besteak beste, hilean 340 euroko soldata igoera adostu dute, 2023 eta 2025 bitartean; 1.460 eurotik 1.800era (% 23,22ko igoera), hain zuzen ere.

Bizkaiko erresidentzietako langileen protesta Bilbon. Artxiboko argazkia
Bizkaiko erresidentzietako langileen protesta Bilbon
Bizkaiko erresidentzietako langileen protesta Bilbon. Artxiboko argazkia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileek lan hitzarmena berritzeko aurreakordioa lortu dute patronalarekin, 68 greba egunen ondotik.

ELA sindikatuko ordezkariek (% 64ko ordezkaritza dute sektorean) eta UGTkoek (bigarren indarra) bilera egin dute gaur, Lan Harremanetarako Kontseiluak Bilbon duen egoitzan, eta han itxi dute ituna. Besteak beste, hilean 340 euroko soldata igoera adostu dute, 2023 eta 2025 bitartean; 1.460 eurotik 1.800era (% 23,22ko igoera), hain zuzen ere.

Halaber, antzinatasun, gaueko eta asteburuko plusetan igoerak adostu dituzte, eta ordezkapenak lehen egunetik (indarrean den araudiaren baitan) egiteko konpromisoa hartu dute.

2025erako, bestalde, lanorduekin zerikusia duen akordioa itxi dute. Hartara, lanaldia hiru ordu gutxiagokoa izango da bi urte barru, hau da, astean 38 lanordu beharrean 35 izango dituzte.

Bost urtez egongo da indarrean hitzarmen berria (2021-2025). Oraindik, baina, zehazteke utzi dituzte zenbait puntu, eta, horietan irtenbideak bilatzeko bidean, lanean jarraituko dutela ohartarazi dute sindikatuek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Eusko Langileen Alkartasuna Grebak albisteak Ekonomia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Egoitza geriatrikoak UGT azken ordukoa Lan gatazkak gaur