Ekonomia -

Lehen sektorea

Euskal nekazaritzaren eta abeltzaintzaren etorkizunerako, neurri guztiak beharrezko

Eusko Jaurlaritzak deituta, Nekazaritza eta Klima Aldaketaren Mahaia bildu da ostiral goizez Lakuan, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiek bizi dute egoera aztertu eta epe laburrean zein luzean hartu beharreko neurri eta erabakiak zehazten hasteko.

Nekazaritza eta Klima Aldaketaren Mahaia, gaur Lakuan. Argakzia: Irekia.
Nekazaritza eta Klima Aldaketaren Mahaia, gaur Lakuan. Argakzia: Irekia.
Jaurlaritzak Nekazaritza eta Klima Aldaketaren mahaia deitu du lehorteari aurre egiteko neurriak aztertzeko

01:10

Olatz Prat | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Klima-aldaketak eta ur-eskasiak pertsonen kontsumorako ur-horniduran oraingoz eragin nabarmenik ez duen arren, errealitatea bestelakoa da lehen sektorean, hura izan baita horien ondorioak nabaritzen lehena. Ez alferrik, azken hilabeteetan Euskal Herriko prezipitazio-maila azken 30 urteetako erreferentzietatik behera gelditu da, batez ere Araban eta Nafarroan. 

Eusko Jaurlaritzak deituta, Nekazaritza eta Klima Aldaketaren Mahaia bildu da gaur goizean Lakuan, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiek bizi duten egoera aztertu eta epe laburrean zein luzean hartu beharreko neurri eta erabakiak zehazten hasteko. Lehen bilera honen ostean gehiago ere izango direla aurreratu du Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak.

Eusko Jaurlazitzako eta Aldundietan nekazaritza eta ingurumen sailetako arduradunez gain, Euskal Herriko lehen sektoreko hainbat sindikatu eta elkartek hartu dute parte bileran, (ENHE, UAGA, ENBA, EPEA eta Garlan, besteak beste, baita URAk eta Euskalmetek ere.

Bilera ostean egindako adierazpenetan Tapiak adierazi duenez, eta mahaiak baloratu duenaren arabera, lehorteak oraingoz euskal gizarte osoari eragin ez badio ere, gogor jotzen ditu nekazaritza eta abeltzaintzako profesionalak. Horregatik, klima-aldaketa errealitate izanik, "aurreikuspenek aurrea hartzea eta sektoreari laguntzea eskatzen dute".

Hala, Jaurlaritzak hainbat neurri proposatu ditu, bereziki uraren kudeaketaren eraginkortasuna hobetzera bideratuak: hala nola azpiegiturak "berritu, osatu eta indartzea" sareetako ihesak murrizteko eta laboreak ureztatzeko jardunbide egokiak sustatzea.

Euskal Herrian oraindik arazoa beste toki batzuen aldean horren larria edo bistakoa ez den arren, bada kezka berezia sortzen duen elementu bat: ganaduak, belarraz gain, elikatzeko behar duen bazka (zereala, alpapa, artoa…),  lehorte sakonean dauden lurraldeetan ekoizten denez, horien kantitateak murriztu egin direla, eta prezioak igo.

Epe laburrenean beharko dutenik uste ez duten arren, uda amaitzerako dagoeneko behar hori izango dutela aurreikusten du sektoreak. Hala, zentzu berean doaz sektorearen eskaerak eta Jaurlaritzaren proposamenak. Kanpora erosteko kudeaketan Jaurlaritzak esku hartzea, eta Euskal Herrian bertan bazka hori ekoizteko neurrietan sakontzea, mendekotasun gero eta txikiagoa izango duen eredu baterantz.  

Sektorea eredu justu eta jasangarriaren alde

EHNE sindikatuko Garikoitz Nazabalek eta Andoni Garciak bileraren ostean kazetarien galderei erantzunez adierazi dutenez, "begi onez" hartu dute bai bilera, bai bertan aurkeztu diren neurriak, gaiari heltzen zaion heinean.

Halere, epe laburreko eta ertaineko neurriei ondo irizten badiete ere, bi ideia azpimarratu dituzte. Nazabalek nabarmendu duenez, "gauza bat da administrazioen aldetik egon daitezkeen laguntzak, erosketak gestionatzeko, esaterako; baina iruditzen zaigu bertako produktua komertzializatzen duen denda eta distribuzio kate denek jakin behar dutela bertako ekoizpena kostatu egiten dela eta kostatzen den prezioan ordaindu behar dela". Hala, salatu duenez, "ezin da hori aintzakotzat hartu ez, ekoizpen kostuen igoera lehen sektoreak bere bizkarrean hartzea eta, horri eustea posible ez denez, sektorearen desagerpen baten aurrean egotea".

Klima aldaketaz eta "ur eskasiaz" hitz egiten dela, baina funtsean, "elikagai eskasi baten aurrean" gaudela ohartarazi du eta gizartea ("kontsumitzaileek naiz bertako produktua merkaturatzen dutenek") jabetu egin behar dela "kostatzen denaren prezioan ordaindu" behar dela produktua, "sektorea mantenduko bada".

Bere kidearen ildo beretik aritu da Andoni Garcia, eredu jasangarri eta autosufiziente baterantz joateko beharraz, hain zuzen ere. "Kanpoko erosketen hain mendeko izango ez den abeltzaintza eredu bat behar dugu; nekazari gehiago behar ditugu eta zeregin honetan ahalegin titanikoz hasten ari diren gazteentzako laguntzak" behar direla azpimarratu du.

Halaber, ekoizpen eredu industrialak "sakon arbuiatzen" dituztela esan du, bai eta azkenaldiko zenbait joera ere, "proteinak laborategietan sortzea, esaterako". Eredu hori ezinezkoa dela azpimarratu du eta gehitu du, sektore eraginkor eta iraunkor baterako apustuak  "ekoizle txiki eta ertainen babesa" izan behar duela oinarri, "modu jasangarriagoan ekoiztuko dutenak, aldaketa klimatikoaren testuinguruari erreparatuta".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Klima-aldaketa 2024 Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza berriak EAE Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Ingurumena Nekazaritza Abeltzaintza hoy Larrialdi klimatikoa 2024 Bizkaia frontoia Lehortea