Ekonomia -

Alokairuak

Etxebizitza Eskubidearen aldeko Lege berriaren gakoak

Senatuko osoko bilkurak Etxebizitza Eskubidearen aldeko Lege proiektua onartu du gaur, asteazkena. Horri esker, besteak beste, erkidegoek eta udalek alokairuaren prezioak mugatu ahal izango dituzte.

Gasteizko etxebizitzak. Artxiboko irudia.
Gasteizko etxebizitzak. Artxiboko irudia.
Gasteizko etxebizitzak. Artxiboko irudia.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Senatuko osoko bilkurak Etxebizitza Eskubidearen aldeko Lege proiektua onartu du gaur, asteazkena. Horri esker, erkidegoek eta udalek alokairuaren prezioak mugatu ahal izango dituzte.

Neurri berria PSOEren, Unidas Podemosen, ERCren eta EH Bilduren arteko itunaren emaitza izan da. Kongresutik iritsitako testua aldaketarik gabe atera da aurrera, PSOEren, ERCren, EH Bilduren eta Ezker Konfederaleko alderdien aldeko botoekin; hots, aldeko 134 botorekin, kontrako 117 botorekin eta abstentzio bakarrarekin. PPk, EAJk, Junts per Catalunyak, Ciudadanosek, Voxek eta UPNk kontra bozkatu dute.

Hauek dira adostutako Etxebizitza lege berriaren gakoak
Hauek dira adostutako Etxebizitza lege berriaren gakoak
Hauek dira adostutako Etxebizitza lege berriaren gakoak

01:00

Neurri nagusiak

Hona hemen lege berriak hartuko dituen neurri nagusien zerrenda:

- Alokairuen prezioei, muga

Diputatuek azaldu dute neurri zorrotzenak udalek edo erkidegoek tentsio handiko eremu izendatutakoetan ezarriko direla. Izan ere, autonomia-erkidegoek "tentsio handiko eremuak" zehaztu ahalko dituzte. Horrela deklaratzeko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte: batez besteko diru-sarreren % 30 baino gehiago bideratu beharko dira alokairu edo hipotekarako eta oinarrizko gastuetarako, edo azken bost urteetan prezioak KPIa baino 3 puntu gehiago igo beharko da. Bi baldintzetako bat betetzea nahikoa da "tentsio handiko eremu" izendatu ahal izateko.

Tenkatutako eremuko etxebizitza jabe handiek erreferentziazko prezioen indizeen sistemaren arabera finkatu beharko dute errenta, eta eremu horietako gainerako jabeek, berriz, ezingo dituzte indarrean dauden kontratuen prezioak igo, hiru urtez. Gainera, "jabe handi" izateko baldintzak aldatu egin dira lege berrian, bost etxebizitza dituzten jabeak "jabe handiak" izango baitira tentsio handiko eremuetan. Horrekin batera, 1.500 metro karratutik gorako azalera eraikia duten jabeak ere jabe handitzat hartuko dira.

- Zerga-pizgarriak errentatzaileentzat

Ohiko etxebizitzaren alokairuaren etekin garbiagatiko PFEZaren desgrabazioa % 50ekoa izango da, baina % 90eraino modulatzen da tenkatutako eremuetan. Aldiz, 18 eta 35 urte bitarteko gazteei etxebizitza berriak alokatzeko, murrizketa % 70ekoa da, eta etxebizitza babestu eta azken bi urteetan birgaitutako etxeetarako, berriz, % 60koa.

Kontsumoko prezioen indizea (KPI) kentzen da kontratuen errenta urtero eguneratzeko erreferentziazko indize gisa.

- Alokairuen prezio-igoerari muga jarriko dio

Alokairuaren prezioa ezingo da % 2 baino gehiago igo 2023an, eta % 3 2024an. 2025etik aurrera, berriz, oraindik zehazteko dagoen indize bat erabiliko da.

- Prezioak urtero eguneratzeko indize berria

2024ko abenduaren 31 baino lehen, INEk errenta eguneratzeko indize bat zehaztuko du urtero, baina ez da KPIa baino handiagoa izango.

- Gastuak, errentatzailearen kontura

Higiezinak kudeatu eta kontratua formalizatzeko gastuak errentatzailearen kontura izango dira aurrerantzean.

- Etxegabetzeak debekatu egingo dira data eta ordua zehaztuta ez badaude

- Hutsik dauden etxeei errekarguak aplikatu ahalko dizkiete udalek

Zehazki, % 50eko errekargua Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) kuotan, justifikaziorik gabe bi urte baino gehiago hutsik eman ez dutenei, % 100ekoa hutsik hiru urte baino gehiago badaude eta % 150ekoa jabeak udalerri berean okupatu gabeko higiezin bat baino gehiago izatekotan.

- Alokairuko etxebizitza babestuaren parkea handitzeko aldaketak 

Horretarako, lurzoru urbanizagarriaren % 40ko eta hiri-lurzoru finkatugabearen % 20ko erreserba ezartzen da.

- Etxebizitza babestuarekin batera, etxebizitza eskuragarriaren figura sustatua sortzen da

Titulartasun pribatukoa izango da. Horrekin batera, prezio murriztuetan alokatzeko hirigintza- eta zerga-onurak izango ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia bideoak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Senatua Etxebizitza