Ekonomia -
Lan gatazka
"Kalitatezko" osasun publikoa eta Sagarduiren dimisioa aldarrikatu dituzte sindikatuek
Lehenengo eguneko lanuzteak (goizeko txandan) % 50eko jarraipena izan du, sindikatuen arabera. Jaurlaritzak, aldiz, % 9,9ra mugatu du eragina. Osasun sailburuak, bestalde, ukatu egin du Osakidetza "desegiten" ari direla, eta sindikatuei galdetu die zertan oinarritzen diren hori esateko.
EITB Media
Goizeko lehen orduetan Osakidetzaren grebak izan duen eraginaz mintzatu dira sindikatuak, eta, horien hitzetan, jarraipen "ona" izan du orain arte, langileak "oso nekatuta" daudelako. Zehaztu dutenez, Lehen Arretan izan du jarraipen zabalena lanuzteak.
Satsek, ELAk, LABek, SMEk, CCOOk eta UGTk deitu dituzte grebara gaur eta bihar Osakidetzako 42.300 langileak, lan baldintza hobeak eskatzeko eta Euskal Osasun Zerbitzuaren "desegitea" eta lan baldintzen "prekarietatea" salatzeko.
Horren aurrean, horrelakorik gertatu ez dela iritzita, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik galdetu die ea zertan oinarritzen diren Osakidetzaren "desegiteaz" hitz egiteko.
Bilbon egin dituzte adierazpenok sindikatuetako ordezkariek, bertan manifestazioa egin baitute goizean, Basurtuko Ospitaletik abiatuta. Egunean zehar, mobilizazio gehiago egingo dituzte EAEko hiru hiriburuetan.
Hasiera bateko balorazioa bederen positiboa izan da, jarraipen "ona" eta "zabala" izan baitu lanuzteak, sindikatuen arabera.
"Langileak akituta eta aspertuta daude, euren eskubideak errespetatzen ez direlako". Horregatik, "negoziazioei" berriro ekiteko eskatu diete Osasun Sailari eta Osakidetzari.
Osasun publikoaren eta kalitatezko zerbitzuaren aldeko aldarriak entzun dira goizeko mobilizazioetan, eta Sagarduiren dimisioa ere eskatu dute.
Bizi duten gatazkari irtenbide bat emate aldera, "negoziazioei berriro heltzeko" eskatu diete sindikatuek Osasun Sailari eta Osakidetzari, osasun sistemaren "egiturazko arazoak" konpondu eta langileek dituzten lan baldintzak hobetze aldera.
"Duela urtebete grebara atera ginen, eta ordudanik sekulako blokeoa dago negoziazio mailan", aurpegiratu diote Osasun Sailari.
ELAko ordezkari Esther Saavedrak kritikatu du gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituztela, jaiegunetako zerbitzua jarri baitute ospitaleetan eta larunbatetakoa Lehen Arretan.
"Langileak nazkatuta daude", berretsi du Satseko Amaia Mayorrek. Ohartarazi duenez, "eskubideak bermatzen ez diren bitartean" mobilizatzen jarraituko dute.
%50eko jarraipena, sindikatuen arabera
% 50eko jarraipena izan du lehen lanuzte egunak, sindikatuen arabera. "Zentzu horretan, azpimarratzeko modukoa da arreta zerbitzuetako langileen artean arrakastatsua izan dela greba, eta erizainen artean ere nabarmen egin duela gora. Gasteizen, Zaramagako, Salburuko eta San Martingo osasun zentroak itxita egon dira. Gauza bera gertatu da Lasarten, Zaratamon, Gernika-Lumon eta Lemoan. Basaurin eta Hernanin, gutxieneko zerbitzuak izan dira, eta Galdakaon eta Arrigorriagan ere jarraipen zabala izan du", adierazi dute.
Eusko Jaurlaritzaren balorazioa
Goizeko txandan, % 9,9koa izan da eragina, Jaurlaritzaren esanetan. Datuak lurraldez lurralde bereizita, Gipuzkoan izan du jarraipen zabalena (% 10,6), Bizkaia (% 9,9) eta Araba (% 8,3) atzetik dituela.
Lan sailei dagokienez, sendagileen % 9,6k egin dute planto, eta erizainen % 9,2k. Gainerako sailetan, langileen % 10,82 batu dira gaurko mobilizazioetara, betiere Jaurlaritzak emandako datuen arabera.