Ekonomia -
LAN-GATAZKA
Ekainaren 4ra arte luzatu du ELAk Osakidetzako garbiketako greba deialdia, aurrerapausorik ez delako eman
Otsailaren 27tik daude greban Osakidetzak azpikontratutako garbiketako langileak. "Negozioazioa desblokeatzeko", enpresei eta Osakidetzari proposamen berri bat aurkeztuko diela iragarri du gaur ELAk.
EITB MEDIA
Osakidetzako azpikontratatutako garbitzaileen greba deialdia ekainaren 4ra arte luzatzea erabaki du ELAk. Gainera, sindikatuak jakinarazi du inpugnatu egingo dituela Eusko Jaurlaritzak osasun-zentroak garbitzeko eman dituen aginduak. Denera, Gipuzkoako ospitale eta erietxe publikoetan sei aldiz egin dituzte aparteko garbiketak, langileak greban egonda. 80 egun betetzear daude greban garbitzaileak.
Gaur zabaldutako ohar batean, ELAk salatu du Lan Sailarekin egindako bileretan ez dela aurrerapausorik eman lan-hitzarmena berritzeko negoziazioan. Horren aurrean, gutxienez beste hiru astez greban jarraituko dute.
Egoera "desblokeatzeko", sindikatu abertzaleak enpresei zein Osakidetzari beste proposamen bat egingo diela ere aurreratu du.
Langileek bost urte daramatzate lan hitzarmenik gabe, eta Osakidetzako langileei ezartzen zaizkien baldintzak aplikatzea eskatzen dute. Besteak beste, garapen profesionalaren deialdi ezberdinetara sarbidea izatea, lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa izatea, txanda kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko eskubidea izatea eta Osakidetzako langileek aitortuta dituzten baimenak eta lizentziak izatea.